Maiatzaren 26ean ‘II. Familia Lasterketa’ izango da herriko kaleetan zehar

Errenteriako Egiluze – Hijas de la Cruz Ikastetxeak, Errenteriako Udalaren laguntzarekin, II. Familia Lasterketa antolatu du maiatzaren 26rako (larunbata).

3 kilometro eskaseko ibilbidea izango du eta irteera eta helmuga Xabier Olaskoaga (Niessen) plazan izango dira, Errenteriako erdigunean, hain zuzen ere. Ibilbideak herriko erdiguneko kale nagusiak eta Gabierrota auzoa zeharkatuko ditu. Guztiz laua izango da, eta era eroso batean gozatzeko parada ezin hobea eskaintzen du. Azken finean hori baita helburu nagusia. Hortaz, ez da sailkapenik egongo, parte hartzaile guztiak izango dira garaile.

Gainera, musikaz gozatzeko aukera ere egongo da, Batukada eta Txaranga batek girotuko baitute ibilbidea. Horretaz gain, Zumba Masterclas saioa burutuko da: lasterketa aurretik beroketa moduan eta ondoren, ekimenari bukaera aproposa emateko.

Lasterketan parte hartzeko dortsalak Errenteriako Forum-en daude eskuragai 2,5 eurotan ostiralera arte, hilak 18.

Iaz antolatu zen lehen aldiz Familia Lasterketa. Bertan 500 bat lasterkarik parte hartzeak islatzen du jarduerak izan zuen arrakasta. Era berean, agerian jartzen ditu jardueraren balioa zein xedea eta, halaber, ikastetxeko zein herriko familien, langileen eta entitate laguntzaile guztien artean lasterketak lortu zuen harrera ona eta inplikazioa.