Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul Atlantikaldiako kartelburu


• Itsas korronteetan murgilduko da Errenteria Atlantikaldiaren bosgarren edizioarekin.
• Irailaren 20tik 23ra ospatuko den jaialdiaren kultur egitaraua eragileek bidalitako proposamenetatik aberastuko da.

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak, Laura Landak, Atlantikaldiako jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak, eta Ion Collar, Kultura zinegotziak, Atlantikaldia 2018 jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean. Bertan kultur programazioa osatzeko jaso diren proposamenen eta jaialdian izango diren musika taldeen eta ikuskizunen berri eman dute. Baita bosgarren edizioak Errenteria Itsas korronteetan murgiltzeko duen asmoaz ere.

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 20tik 23ra ospatuko da. Iaz, Itsas Topaleku bilakatu zuen jaialdiak Errenteria, herritar eta bisitari orori topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera emanez. Bosgarren edizio honek topaleku horiek baliatuko ditu herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremanak sendotu eta eredu berriak sortzeko. Hori dela eta ‘Itsas Korronteak’ izango da aurtengo edizioaren leloa. “Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du”, azaldu du Mendozak.

Sorkuntza ardatz
Sorkuntzak garrantzia berezia izango du aurtengo edizioan. “Artista eta eragileen sorkuntza prozesu eta lanean eragin nahi dugu eta merezi duen tokia eman”. Horregatik, jaialdiaren ‘aurkezpen karta’ den kartela Atlantikoaren beste aldean jaio zen eta gaur egun Donostian bizi den Daniela Garreton artista txiletarrarekin elkarlanean sortu dute.

Alkatearen hitzetan irudi berritzailea sortzeko erronka gogoz hartu zuen Garretonek hasiera hasieratik: “Alde bietara jarrita balio duen ilustrazioa garatu du, ikuspuntu guztietatik begiratzeko aukera ematen duena, izaera anitzak barne hartzen dituena, jaialdiaren filosofiarekin bat etorrita”.

Halaber, gaineratu du, aurreko edizioei jarraiki, jaialdia bi zutabetan oinarrituko dela: kultur topagune itzela eta musika jaialdi
bakarra.

Kultur topagunea: aniztasuna eta identitatea
Kultur topagune den aldetik, Atlantikaldiak herriaren izaerarekin bat datozen balioak barne hartzen ditu. Ion Collar Kultura zinegotziak esandakoaren arabera, jaialdi parte-hartzailea da: “Kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza erraztea du helburu. Eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzen du, gure artean eta kultura ezberdinen artean”. Gainera, jaialdia aurrera ateratzeko “eragileen inplikazioa beharrezkoa” dela eta “Atlantikaldiak, kultura modu zabalenean ulertzen” duela azpimarratu du Collarrek, “aniztasuna eta oreka sustatuz”.

Hori dela eta, Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei: “Aurreko edizioetan bezala, proposamen zaparrada ederra jaso dugu Atlantikaldiaren programazioa osatu eta aberasteko. Eskerrak beraz, guztiei.” Jaialdiaren lantaldeak bideragarri jo dituen taldeekin, mota guztietako 70 ekintza inguru izango dituen egitaraua osatzen ari dira orain: musika, dantza, gastronomia, erakustaldiak, kaleko artea, kirola…

Musika jaialdia
Atlantikaldiaren bigarren zutabea musika jaialdia da. Laura Landa, Atlantikaldiaren zuzendariak eta Kultura teknikariak aurtengoan Lehendakari Agirre plazako eszenatoki nagusian izango diren taldeen izenak aurreratu ditu: “Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul taldeak izango ditugu kartelburu aurtengo edizioan”.

47 Soul taldea irailaren 21ean igoko da oholtzara, ostiralez, 20:00etan. Ondoren, 22:30ean, Esne Beltzaren emanaldia hasiko da. Nneka eta Bebe larunbatean izango dira protagonista, hilaren 22an, 20:00etan eta 22:30ean, hurrenez hurren.

Musika egonaldiak
Aipatutakoak, kontzertu berezi eta bakarrak izango direla azpimarratu du Landak, izan ere, sorpresa ezberdinak ekarriko baitituzte: “Duela hiru urte abiatutako Itsas Elkarrizketekin jarraitu dugu, kanpoko eta hemengo musikarien artean kolaborazioak eta egonaldiak sustatuz.”

Hala, irailaren 20an, ostegunean, Niessen Kulturgunean gertatuko den bi talderen egonaldi artistikoaren emaitza eskainiko da eszenatoki nagusian, 20:00etan: Manez eta kobreak eta Sertaníliaren elkarrizketatik sortuko den ikuskizuna, hain zuzen.

Jaialdiaren beste gune batzuetan egitaraua osatuko duten musika emanaldi gehiago ere izango direla baieztatu du eta datozen astetan emango dutela horien berri.