Irria harro!, Madalenetako txupinazo txikiko abestia

Prest dago Irria harro! abestiaren bideoklipa, Madalenetako txupinazo txikirako sortutako abestia.

Azken urtetan Errenteriako haurrek Madalenetako txupinazo txikirako kanta bat sortu nahi dutela proposatu izan dute Jai Batzordean. Eskaera horri erantzuna eman nahian Oarsoirriak taldean lanean hasi ziren. Joan den martxoan dinamika bat egin ondoren, Madalenetako haur kantu berriaren letra osatu zuten. Geroago, doinuaren eta instrumentazioaren lanketa etorri ziren, ahotsen grabaketak eta edizioa.

Kantu berriari bideoklipa egin diote orain, eta horretarako, 6 eta 12 urte bitarteko haurren familiei parte hartzeko gonbidea luzatu zieten.

Zatozte txupinazo txikian abestia kantatzera!

Madalenetako hasierarekin batera estreinatuko da abestia, txupinazo txikian, uztailaren 21ean, Koldo Mitxelena plazan. Hori izango da herriko haurrek eta gurasoek kanta berria jai giroan abestuz gozatzeko izango duten lehen aukera.