Errenteriako Udalak Salvamento Marítimo Humanitario elkartea diruz lagundu du aurten ere errefuxiatuen auzia dela-eta

Aita Mari

Errenteriako Udalak Salvamento Marítimo Humanitario elkarteari 3.000 euroko ekarpena egin dio, hain zuzen ere, Maydayterraneo proiektuaren baitan Aita Mari itsasontzia Libiako kostan egon dadin aurtengo udan. Gerra eta gatazka egoeretatik (Siria, Libia, Egipto…) ihesean dauden pertsonek Mediterraneo itsasoa zeharkatzen dute Italia eta Greziako kostetara iristeko asmoz, euren bizitzak arriskuan jarrita.

Salvamento Marítimo Humanitariok eta ProemAid “Maydayterraneo”k Aita Mari deituriko itsasontzia abuztu aldean Mediterraneoko zatirik arriskutsuenera eramango dute, bertan lan egin dezaten nazioarteko uretan, Libiako kosta parean. Egun, ontzia Pasaiako portuan dago, lan hori egiteko egokitzen ari baitira, jatorrian Getariako arrantza-ontzi zena erreskaterako ontzi bilakatzeko. Aurreikuspena da 5 hilabetez jarraian lan egingo duela, 10 bat txanda desberdinetan,100 boluntario ingururekin.

Ekarpen honen bidez, behar duten materialerako ekarpena egin nahi du bigarren urtez Errenteriako Udalak. Besteak beste, jantzi teknikoak, txalupak edota lanerako behar dituzten bestelako materialak eskura ditzaten.

Elkartea 2015eko abenduan hasi zen lanean bertan, eta, jada, Italiako nahiz Greziako kostetan edota itsasoan lanean ari diren bestelako eragileekin lankidetzan lagun asko lagundu dituzte.