Elkarbizitza ardatz duen ‘Egin zaidazu bisita’ abestia aurkeztu du Errenteriako Udalak herriko abeslarien kolaborazioarekin

Errenteriako Udalak Elkarbizitzaren aldeko apustuan, “Egin zaidazu bisita” abestia aurkeztu du, gaurtik aurrera entzungai izango den abestia, eta, hain juxtu, herrikoak diren ahotsak dituena. Hain zuzen ere, Leire Martínez (La Oreja de Van Gogh, Sony Music España etxearen kortesiaz), Jonatan Camacho (Sonakay), Mikel Markez, Asmae Barruz naiz Chinedu Phillipsek hartu dute parte abesti alai eta erritmoz beteriko horretan. Gainera, herriko hiru abesbatzek koruak egin dizkiote kantari, hain zuzen ere, Andra Marik, Zariak eta Landarbasok. Horiek guztiek nahiz herriko Alkatea den Julen Mendozak aurkeztu dute abestia Foru plazan dagoen Xenpelar bertsolariaren omenezko zuhaitzaren alboan.

Izan ere, Frantzisko Petrirena Rekondo “Xenpelar” Errenteriako bertsolari ospetsuaren bertsoan “Egin zaidazu bisita” dago oinarrituta eta, horren bitartez egun bizi dugun aniztasunarekin eguneratu nahi izan da.

Emaitza prozesu luze eta parte hartzaile baten fruitu da. Aurreko urteko urrian aurkeztu zen Bernardo Atxagaren “Aniztasuna elkarbizitzarako herri aliantzako manifestua” izenekoan oinarrituta sortu zituzten Alaia Martin eta Jon Martin bertsolariek abestiaren hitzak. Ondoren, Beira taldeko Igor Arruabarrenak doinua jarri zion. Abestiak duen doinuan erritmo desberdinak nahiz aniztasuna irudikatuko zuen tonu eta ñabardurak azpimarratu nahi izan ziren.

Bederatzi hizkuntzez osatzen da abestia: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, arabiera, italiera, errumaniera, galiziera eta alemaniera.

Abestia entzungai izango da herriko jaietan nahiz komunikaziorako kanal desberdinetan, bereziki, irratietan. Era berean, hemen entzun eta deskargatzeko aukera dago, asmoa honen zabalpena eta ezagutza baita alor eta gune orotan.

Uztailaren 20an, Madalenetako jaiei hasiera ematen dien txistulari alardearen kontzertuan emanaldi berezia eskainiko da eta zuzenean hau entzuteko aukera izango da. Abestian parte hartu dutenez gain, kultura desberdinetako instrumentuak, herriko erregio etxeak… izango dira arratsaldeko 20:00etan Zumardian.

Entzun abestia