Madalenetako programa aurkeztu dute gaur udal ordezkariek

Madalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, hilak 10, Udaletxeko Pleno Aretoan, udal ordezkariek. Ion Collar kultura zinegotziak jaiak berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan gozatzeko gonbitea egin die herritarrei.

Hasteko, aurtengo omendua gogorarazi nahi izan du: herriko Auzo elkarteak. “Urteak daramatzate herrigintzan lanean, auzoak espazio bizi bihurtzeko eta bizitzeko atseginak izateko helburuarekin. Horregatik pozarren emango diegu merezitako errekonozimendua”, esan du zinegotziak.

Jai Batzordearen eginkizuna ere azpimarratu du Collarrek. Azaldu duenez, aurten 35 elkartetik gora aritu dira urtarriletik lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz. Honekin batera, haur eta gazteen proposamenak jasotzeko lanketa ere azpimarratu du.

Azken urteotan bezalaxe, txupinazoa bizitzeko modu ezberdinak izango direla jakinarazi du: mila koloreko txupinazo txikia, eta aurtengoan gainera abesti propioa izango du: Oarsoirriak taldeak auzolanean sortutako Irria Harro!; Holi txupinazoa eta txupinazoa zuzenean bizitzeko hiru aukera: Herriko plazan, Zumardian jarritako pantaila erraldoian edo Herri Bizia webgunearen bitartez ikusi ahalko da.

Agerraldian ere aurtengo musika programazio zabala nabarmendu du eta horren harira atera den kartela erakutsi du.

Hasieran aipatu bezala, “jaiak aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean” ospatzeko dei berezia egin nahi dutela esan du eta horretarako, ahalegin berezia jarri dutela “eraso sexistarik gabeko Madalenak” izan daitezen.

Zentzu honetan Berdintasun zinegotzia den Garazi Lopez de Etxezarretak nabarmendu du aurten 24 orduko arretarako telefonoa martxan jarriko dela lehenengoz, eta beraz, edozein eraso sexista jasanez, ikusiz edo entzunez gero, txikia izanik ere, 650 407 858 telefonora deitzeko gomendioa egin du. Era berean, sentsibilizaziorako eta prebentziorako hainbat ekimen jarriko dira martxan. “Madalenak pertsona guztion gozamenerako jaiak dira eta ez ditugu inolako eraso sexistarik onartuko”, erantsi du.

Gainera, iaz martxan jarritako ekimenari jarraiki jaietan zehar gauero auzoetara autobus zerbitzua egongo dela adierazi du, eta zerbitzu hau gainera zabaldu egin dela, puntu gehiagoetara helduko baita eta hitzartutako tarteko geltokiak ere izango baitira. Hau horrela, zerbitzu honen onura azpimarratu du.

Azkenik, herritarrei gonbitea luzatu die Collarrek, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi badute #Madalenak2018 traola erabiltzeko, sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da modu horretan.

Programa guztia Herri Bizia Udal APPan lehen aldiz

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Hilaren, 11, 12 eta 13an egingo dute banaketa 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: publizitatea jarri duten saltokietan, liburutegian, Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute.

Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak-2018 helbidean izango da egitarau osoa.

Horretaz gain, Herri Bizia Udal APPan ere ikusgai egongo da. Horrela nahi duenak informazio guztia eskuragarri izanen du bere dispositibo mugikorrean.