Errenteriako Ereintza VI Tenis Opena – Madalen Sariaren Finalak

Datorren asteartean, hilak 24, “Errenteriako Ereintza VI Tenis Opena-Madalen Saria” lehiaketaren finala egingo da Beraungo erabilera anitzetarako kirol pistan, 18:00etan, Ereintza Eskubaloiak antolatuta, ATG Gipuzkoako Tenis Zaletuak elkartearen eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin
Ereintzatik lehiaketak tenislarien artean izan duen harrera ona eta partida guztietan bizi den giro ona azpimarratu dute. Koadroa osatzen duten 28 tenislariak 7 taldetan banatu dira eta lehiatzeko sistema izan da taldearen barruan denok denon aurka lehiatzea.

Uztaila hasieran lehenengo fasea amaitu zen eta kanporatze zuzenak jokatzen hasi ziren 4 kategoriatan. Lehiatzeko sistema honek ahalbidetzen du tenislari bakoitzak gutxienez 4 partida jokatzea.

Bigarren, hirugarren eta laugarren mailako finalak aste honetan zehar jokatu dira. Bigarren mailakoan Alex Villanueva eta Antton Basterrika aritu ziren lehian eta azken hau izan da Errenteriarren artean sailkapen hoberena lortu duen tenislaria, nahiz eta finalean Alex gainditzeko gaitasunik ez izan. Alexek garaipena lortu zuen 6-3 y 7-6 emaitzarekin partida hestu eta eder batean. Aipatu beharra dago 3 herritarrek lortu zutela lehenengo fasean beraien multzoko bigarren hoberenak bezala sailkatzea, hain zuzen ere, aipatutako Antton, Iñigo Perez eta Adur Lekuonak.

Lehenengo mailako final handiari dagokionez aurtengo finalistak iazko berdinak izango dira, Inko Mugika eta Raul Ramos, hain zuzen ere. Bi tenislari hauek oso forma onean daudela erakutsi dute eta iaz garaipena Inkok lortu bazuen ere aurten Raulek (aurreko edizio batetako txapeldunak) errebantxa nahiko du eta final zoragarri bat gozatzeko aukera izango dugu guztiok.

Tenis zaletuek instalaziora bertaratzeko aukera izango dute finala doan ikustera. Datorren asteartean, uztailaren 24an, jokatuko da arratsaldeko 18:00etan. Gainera, hala nahi duten zaleek www.atgtour.es web orrian jarrai ditzakete lehiaketaren inguruko emaitza eta sailkapenak.