Argazki zaharra: Gamon Zumardia

Argazkia: http://www.guregipuzkoa.eus

Gamon Zumardia da Errenteriako tokirik ezagunenetakoa. Herritarren bilgune, herriko historian iltzatuta gelditu diren pasarte askoren lekuko izan da. Baina beti ez da izan gaur egun ezagutzen den bezalakoa, aldaketa asko izan ditu urteen joan-etorrian.

Ondoko irudia 1915ekoa da, Gure Gipuzkoa argazki zaharren artxibategian data duen herriko zaharrena, Indalecio Oiangurenen funtsekoa zehazki.

Ikus daiteke, egungo Nafarroa etorbideaz gain, errepide batek Biteri kale aldera jotzen zuela, bien zorua lurrezkoa zela. Antza, orduan auto askorik ez zegoen, eta Zumardiaren izkina horretan dagoen erregaia banatzeko makina —bakarra— bakarti agertzen da.

Juan Ignacio Gamonen omenez (Errenteria, 1733-1814) darama izen hori alamedak; herriaren historialari izan zen.

Errenteria Herri Bizia aldizkariaren 6. zenbakian argitaratutako artikulua.