Bihar bilera egingo du Ereintza Dantza Taldeak dantza herrikoien ikastaroan parte hartu nahi duten ikasle berriekin

Ereintza Dantza Taldeak dantza herrikoien ikastaroa antolatu du beste urtebetez herri dantzak sustatzeko. Horretarako bilera-deialdia egin dute irailaren 25erako. Ereintzaren egoitzan (Juan de Olazabal 23, behea) interesa dutenekin bilera egingo dute, 20:00etan, ikastaroen egunak, taldeak eta orduak zehazteko. Bertaratu ezin dutenek ereintzaikastaroak@hotmail.com helbidean beren izen-abizenak eta telefono zenbakia utzi beharko dituzte.

Bilerara soilik ikasle “berriek” azaldu beharko dute, hau da, aurreko urteetan ikastaroetan ibilitakoek ez dute joan beharrik.

Ikastaroetan muxikoak, fandango eta arin-arina, kontradantzak… edozein erromeria edo dantzalditan dantzatzen diren dantzak erakutsiko dira.

Orain dela 21 urte hasi zen Ereintza Dantza Taldea dantza herrikoien ikastaroak egiten. Arrazoia Gipuzkoako Solte Txapelketaren 50. urteurrena eta honen ondorioz lehen aldiz egin zen Erromeria Eguna izan ziren. Jendearen erantzuna ikusita eta jarraitzeko eskakizunei jarraiki, ikastaroekin jarraitzea erabaki zuten. Dagoeneko 70 gizon-emakume dira ikastaroetan dihardutenak.