2019rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du gobernu taldeak

2019rako ordenantza fiskalen proposamena prest du udal gobernu taldeak. Dagoeneko helarazi diete proposamena gainontzeko alderdi politikoei, eta laister osoko bilkuran eztabaidatzea espero dute.

Ordenantza fiskal hauek aldatzeko proposamenean mantentzen dira ekonomia sustatzeko neurriak eta azken urteetan ekonomia suspertzeko ezarri diren hobariak eta salbuespenak. Jon Txaskok, ogasun zinegotziak, adierazi du beste behin ere ordenantza fiskal hauetan islatzen den kontentzio-ahalegina gauzatu ahal izango dela eguneroko kudeaketa egokiari esker, eta aukera emango duela inbertsio ugari egiten eta zerbitzuen kalitatea mantentzen jarraitzeko.

Orokorrean, proposatzen da tasak eta zergak izoztea, nahiz eta salbuespen gutxi batzuk badauden. Hartara, izozten dira JEZ zerga; gainbalioen zerga; jarduera-lizentzien gaineko tasak; hirigintzako lizentzia eta zerbitzuei dagozkienak; hilerriko tasak; TAO; ibilgailuak eramatea; ibi, hesi eta bestelako okupazioen tasak eta terrazen tasak, besteak beste, bai eta kiroldegietako eta Errenteria Musikaleko zerbitzuak ere.

Udalaren zerga-arloko aldaketak beti zehazten dira KPIaren arabera, nahiz eta Udalaren kaudimen finantzarioak aukera ematen duen udalerriaren presio fiskala egokitzen jarraitzeko. Horregatik, aurten planteatzen da, aipatutako izozteez gain, % 1 igotzea lau esparrutan, betiere KPIaren oso azpitik (KPIa % 2,2 zen 2018ko abuztuan), saiatzeko hainbat zerbitzuren defizitari erantzuten.

Hauek dira igoerak:

a.- % 1eko igoera Hiri Izaerako Ondasun Higiezinen gaineko Zergan

b.- % 1eko igoera Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zergan

c.- % 1eko igoera Ur-hornidura eta estolderia zerbitzuaren tasan, zerbitzu horren defizita oraindik ere % 10,8koa baita

d.- % 1eko igoera Hondakinak biltzeko eta ezabatzeko zerbitzuaren tasan, zerbitzu horren defizita % 46,5ekoa baita

Horrez gain, proposatutako beste aldaketa batzuk ere azpimarratu behar dira:

Etxez etxeko laguntzaren zerbitzurako sarbidea hobetzeko, zerbitzu hori jasotzen duten onuradunek burutu beharreko ekarpen ekonomikoa gutxituko da: orduko 18,87 € beharrean, 14 € izango da orduko gehieneko prezioa.

Hirigintza Arauetako 3.1.02.3 artikuluan obra txikiei buruz ezarritakoaren interpretazioa malgutzearen ondorioz, 2019.01.01etik aurrera higiezinen barne-banaketarik eragiten ez duten zenbait obra ez dira obra txikitzat joko eta, ondorioz, ez dute obra-lizentziarik beharko, ez dute EIOZik edo obrari dagokion tasarik ordaindu beharko. Hartara, ez da tasarik edo zergarik kobratuko azuleju-estalduretako, sukaldeetako edo komunetako igeltserotza-lanetan; termoak eta berokuntza jartzeko iturgintza-lanetan, edo eskaiola jartzeetan eta etxe barruko zurgintzan.

Erabilera turistikoko etxebizitzek jarduera-lizentzia eskuratzeari dagokion tasa ordaindu beharko dute, erabilera turistikoko etxebizitzek eta etxebizitza partikularretako logelek bete beharreko baldintzei buruz txostenak egiten direnean.

Mantentzen da 2016an aplikatutako jarduera-lizentziak ematearen gaineko tarifen murrizketa ─adibidez, % 82 gutxitu ziren jarduerarako eta establezimenduak zabaltzeko lizentziak ematearen gaineko tasak, tokiko ekonomia sustatzeko─, eta lokalak orduka erabiltzeko tarifen gaineko murrizketak kendu egingo dira, murrizketa horiek ez baitira koherenteak indarreko tarifa murriztuekin.
Ingurumen-politika aktiboarekin aurrera jarraitzearren, proposatzen da gutxiago kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izatea zergaren kuotan beren ezaugarrien arabera dagokien portzentajean eta epean, betiere betetzen badituzte atal hauetakoren batean ezarritako baldintzak:

a) Motor elektrikoko ibilgailuek zergaren kuotan % 75eko hobaria izango dute lehen matrikulaziotik kontatzen hasita lau ekitalditan.

b) Motor hibridoa duten ibilgailuek eta erregai gisa gasa erabiltzen dutenek ─gas naturala, petrolio-gas likidotuak edo bioetanola─, zergaren kuotan % 75eko hobaria izango dute lehen matrikulaziotik kontatzen hasita bi ekitalditan.

Horiez gain, mantentzen dira ekonomia sustatzeko zerga-neurriak eta azken urteetan ekonomia suspertzeko ezarri diren hobariak eta salbuespenak. Halaber, ekitaldi honetan ere izango dira ingurumenaren arlokoak.

Herritarrei esker % 60ko birziklatze-tasaren inguruan dago herria eta ahalegin hori babesteko, proposatzen da hondakin organikoen bilketan parte hartzeagatiko hobariak mantentzea: etxeko eta auzoko konpostajean parte hartzen dutenek % 30eko hobaria izango dute, materia organikoa gaika biltzeko programan edukiontzi marroiaren bidez parte hartzen duten etxebizitzek % 25ekoa, eta aipatutako programetan parte hartzen duten merkatariek % 20koa.

Bestalde, aurten ere mantenduko dira aurreko urteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko onartutako zerga-neurriak, merkataritza-jardueretarako lokalak birgaitu eta egokitzeko obrenak; izan ere, beharrezkoa da tokiko merkatari txikiei laguntzea. Halaber, ingurumenaren arloko hobariak ere mantendu dira, energia berriztagarrien aprobetxamendua eta langileen garraio-planak sustatzeko, energia-kontsumoa nahiz isuriak gutxitzekoarren.

  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren hobariak mantenduko zaizkie bereziki babestutako kooperatibei, adibidez, eguzki-energia erabiltzen edo produzitzen dutenei, edo beren langileentzat garraio-plan bat ezartzen dutenei.
  • Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) tipo murriztua aplikatuko zaie orain ere ohiko etxebizitzetan egindako obrei, hirigune historikoko birgaitzeko obrei, konponketei, fatxadak margotzeko lanei eta teilatuak konpontzekoei.
  • Halaber, EIOZ zergaren gaineko hobariak mantenduko dira interes bereziko obretarako: (% 95) ikastetxe publikoetan egindakoak, (% 95) Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak jasotzen dituztenak (% 34 arteko babesa jaso dezakete jarduketa hauek).

Obra-lizentziaren edo aurrekomunikazioaren tasa ordaintzetik salbuetsita jarraituko dute 6.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten obrek.