Adin txikikoekin kirol ingurunean sare sozialak erabiltzeari buruzko informazio saioa

Urriaren 17an, asteazkenean, ‘Adin txikikoekin Whatsappa eta sare sozialak nola erabili kirol-esparruan’ informazio saioa eskainiko dute Galtzarabordako Udal Kiroldegian 18:00etatik 20:00etara. Saioa Kirolaren Euskal Eskolak antolatu du, Errenteriako Udaleko Kiroletako azpisailaren laguntzarekin, eta bereziki honako hauei dago zuzenduta: kirol entitateetako arduradunei, adingabeak dituzten kirol taldeetako entrenatzaileei, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako ikasleei eta oro har kirolean interesa duten pertsonei.

Saioaren edukiak

  • Kirol esparruan teknologia digitalak erabiltzearen onurak eta arriskuak.
  • Erabilera erregulatzen duten arau-alorrak.
  • Kirol erakundeentzako marko etikoa: arauak, printzipioak, eta baloreak.
  • Entrenatzaileen eta adin txikiko kirolarien arteko pakto digitala.
  • Kirol erakundeetan erabilera egoki bat sustatzeko pausuak.
  • Galdera-txanda.

Izen-emateak

Ikastaroa doakoa da, baina beharrezkoa da urriaren 15a baino lehen izena ematea: www.kiroleskola.net

Deskarga ezazu informazio-eskuorria hemen.