“Ongi etorri Errenteriara” informazio saioa eskaini zien atzo Udalak herrira bizitzera etorri berri direnei

Errenteriako Udalak herrira bizitzera etorri berri direnei “Ongi etorri Errenteriara” harrera eta informazio saioa eskaini zieten atzo 3. urtez udaletxeko pleno aretoan. Hain zuzen ere, urtarriletik erroldatu diren guztiak gonbidatu ditu alkateak ordubeteko saiora gutun baten bidez .

Saioaren aurretik eta ondoren udaletxeko harreran alor desberdinetako informazioan eskaini zaie eskuorri eta bestelako materialen bidez; esaterako, kiroleko eta Kultura Kreaktiboko txartelen, ahalduntze eskolaren, euskara ikastaroen, hezkuntza alorreko informazioa edota osasun etxeko zerbitzuen inguruko informazioa.

Azken finean, helburua da Errenteriara etorri berri den edonork herriko bizitzan behar bezala murgiltzeko, parte hartzeko eta baliabideak eskuratzeko informazioa izan dezala lehen eskutik.

Hori dela-eta, tramitazio orokorren nahiz zerbitzu edota ekipamenduen xehetasunak azaldu zaizkie bertaratuei.

Saioa urtean behin egiten da eta Errenteriak duen harrera protokoloaren baitan txertatzen da. Proiektu honen baitan baliabide gida orokorrak daude eskuragai, dela webgunean dela udaletxeko sarreran eta beste hainbat gunetan. Gainera, aurtengo ikasturtearen hasieran, berrikuntza gisa, haurrei eta nerabeei zuzenduriko informazioa biltzen duen gida bat ere argitaratu da 6 hizkuntza desberdinetan.

Aurkezpenean erabilitako materiala hemen ikus daiteke.