Errenteria Film Laburren Jaialdiak 23. edizioa ospatuko du azaroaren 22tik 25era


Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 22tik 25era ospatuko du, aurten, bere 23. edizioa. Ion Collar Kultura zinegotziak, Maitane Escudero Kultura saileko ordezkariak, OzZinema Elkarteko kide den Jonathan Sedeñok eta Sandra Martinez Niessen Zinemetako arduradunak eman dituzte prentsa aurrean xehetasun guztiak.

Guztira 784 lan aurkeztu dituzte jaialdira Festhome eta Clickforfestivals plataformen bidez. Eta horietatik 33 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 10 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, hilaren 22, 23 eta 24an proiektatuko dituzte Niessen Zinemetan, 19:30ean.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 25, 19:00etan. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta ondoren, luncha izango da.

Saritutako lanak hautatzeko epaimahakideak ondorengoak izan dira: Ion Collar Kultura zinegotzia, Iker Tolosa Kultura teknikaria, Kristina Zorita kazetaria, Irati Cano zinemagilea eta Ricardo Fernández zinemazale eta blogaria.

Ekintza osagarriak
Zinema aitzakia hartuta hainbat ekintza paralelo ere antolatu dituztela jakinarazi dute. Horren adibide da, Mary Shelleyren ‘Frankenstein’ obraren 200 urteurrenari lotuta prestatu duten ekintza ziklo txikia. Hala, hilaren 19an, 19:00etan, ‘Frankenstein eta zientzia’ izenburupean solasaldia izango da Lanbide Heziketako irakasle den Mentxu Aiertza eta EHUko Kimika Ezorganikoko irakasle den Gotzone Barandikarekin, Xenpelar Etxean.

Hurrengo egunean, azaroaren 20an, 17:30ean, ‘Frankenstein berpiztuko balitz?’ haurrentzako tailerra antolatu dute. Elhuyarko zientzia-komunikatzaile den Ana Galarragarekin zientzia-esperimentuak egiteko aukera izango dute txikienek Xenpelar Etxean. Haur kopurua mugatua denez, ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek Haur Liburutegian.

Zikloari amaiera emateko, hilaren 27an, Mary Shelley filma ikusteko aukera izango da, 19:30ean, Niessen Zinemetan.

Erakusketa bat ere antolatu dutela adierazi dute. Jaialdiaren kartelaren egilea den Rubén B. Caballerok zinema oinarri hartuta sortutako lanak izango dira ikusgai Xenpelar Etxean, azaroaren 20tik 30era, ‘Many faces of cinema. Zinemaren milaka aurpegi’ izenburupean (astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara).

Film Laburrekin gozatzeko aukera txikienei ere zabaldu nahi dietela esan dute eta hori dela eta larunbata goizean, hilaren 24an, Zinetxiki Errenterian saioa eskainiko dute Niessen Kulturgunean, 12:00etan. Bertan, Bilboko Zinetxiki jaialdian saritutako film laburrak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Gainera, ‘Vermutsika proiekzioak’ izeneko ekimena izango da, igandean (azaroak 25): Iñar Sastre pianistaren errezitaldia zinemaren hastapeneko film laburren proiekzioekin. Ikuskizun honekin, zinema beste esparru batera eraman eta bermut edo muztio bat hartzeko tarte berezi bat eskaini nahi dutela adierazi dute. Niessen Kulturguneko entsegu gelan izango da hori, 12:30ean.

Bai proiekzioetarako edo sari banaketarako sarrera eta baita ekintza osagarri guztietarakoa ere ere doakoa izango da eta hiritar guztiei irekia.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Niessen Zinemei jaialdiari emandako babesagatik eta bide batez, herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horietan zinemaz gozatzera.