Udalak 2019rako aurrekontuen proposamena aurkeztu du

Gardentasuna | Plan estrategikoa | Udal komunikabidea 2018-11-15 | 0

Udal gobernu taldeak 2019rako aurrekontu proiektua aurkeztu du. Beraungo igogailua, Barandiaran parkearen azpiko garajeak eta auzoetako argiak aldatzea dira proiektu azpimarragarrienak.

Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar alkateordeak aurkeztu dute 2019rako aurrekontuen proposamena prentsaurrean. Proposamena talde politiko guztien esku dago jada.

2019rako aurrekontuen proposamenaren berritasuna da aurrekontuak prestatu direla Errenteriako Udala administrazioa modernizatzeko burutzen ari den prozesuaren baitan, betiere 2025 Plan Estrategikoan eta 2015-2019 Legegintzaldi Planean ezarritako jarraibideen arabera. Xedea da administrazio eraginkor eta efikazagoa sortzea eta, batez ere, pertsonei zuzendutakoa. Testuinguru horretan kokatzen dira 2017an egindako berrantolaketa administratiboa, 2019rako helburukako kudeaketa-plana, ZU! arreta zerbitzuaren aldeko apustua edo Udalaren aurrekontuak helburuka egitea EHUrekin lankidetzan, emaitzak hobe ebaluatu ahal izateko.

Aurrekontu proiektuaren kopuru totala 53.982.456€-koa da, iaz baino %4,1 gehiago.

Aurrekontu proposamena:

Mugikortasun unibertsalaren eta auzoetara hurbiltzeko politiken ildoan jarraituta, partida bana bideratu da Beraungo eta Gaztañoko igogailuetarako. Galtzarabordako igogailuaren obra amaitu ondoren jarri zuen Udalak abian Beraungo igogailurako proiektua, 780.000 euroko aurrekontuarekin. Igogailu horrek hobetuko du Beraun, Jesus Guridi, Krisostomo Arriaga eta Julian Lavilla kaleen eta Galtzaraborda etorbidearen arteko irisgarritasuna. Ildo horretan, 60.000 euroko partida bat jarri da Gaztañorako igogailuaren proiektua egiteko.

Behin proiektua eginda, abian jarriko dira Barandiaran parkeko lurpeko aparkalekuaren lanak, 162 plaza eraikitzeko, 500.000 euroko partidari esker. 200.000 € inbertitzen jarraituko dute kaleak asfaltatzeko, eta 150.000 € hiri-mantenurako, arkitektura-oztopoak kenduta mugikortasun unibertsalerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Gizarte-babesaren aldeko apustua egiten jarraitzen du Udalak, orain arte bezalaxe, gizarte kohesionatua bultzatzeko elementu den aldetik, 1.066.000 € jarrita gizarte-larrialdiko laguntzetarako, Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren espazio eta zenbatekoak estaltzeko, nahiz eta erakunde horren eskumenekoa izan gaia. Garapen sozioekonomikorako eta enplegua sortzeko gizarte-babeseko politiken alde egiten dugu, eta, ahal den neurrian krisiaren eragina gutxitzeko, 558.000 euroko partida bat onartu dute enplegu-planetara bideratzeko. Erretiratuen lokaletan 110.000 € inbertituko dira.

Jarraitzen dute kultura sustatzen, gizartearen eta aniztasunaren garapenerako tresna izateaz gain, ekonomia pizten baitu; apustu hori berariaz jasota dago aurrekontuetan, 600.000 euroko partida bat bideratu baita kultura ekipamenduetara. 2025 Plan Estrategikoko elementu esanguratsu gisa aipatu behar dugu kulturaren aldeko apustua eta, horrekin batera, “Lekuona Kultur Fabrikaren” aldekoa. Espazio hori bideratuko da sormenerako eta kultura-erakusketarako espazioetara eta liburutegiaren proiektua sustatzera. Aurreikusten da 2019an zabaltzea, Beraungo Kultur Etxea bezalaxe.

Iraunkortasunaren aldeko apustua islatzen da klima-aldaketaren inguruko erabakien ildoan egindako hainbat inbertsiotan. Zehazki, eta herri guztian argiak aldatzeko apustuarekin jarraitzeko, 572.000 € inbertituko dira Alaberga, Galtzaraborda eta Iztieta-Ondartxon argiak aldatzeko. Horrez gain, 100.000 € bideratuko dira ingurumena eta mendi eta ibaietako biodibertsitatea lehengoratzeko proiektuetara, eta 380.000 eurotik gora beste hainbat jarduketetara, besteak beste, hondakinen arloko prebentziora.

Hirigune historikorako proposatzen dira hainbat esku-hartze, EITak eta birgaitze-lanak egiteko diru-laguntzak, lokaletarako ekintzak, Gamon zumardirako ideia-lehiaketa bat eta ostatu-aterpetxe bat abian jartzea alde zaharra biziberritzeko, guztira 800.000 eurorekin. Halaber, Ondartxo birgaitzeko 80.000 euroko partida bat sartu da.

Jarduera fisikoaren inguruan bi proiektu burutuko dira. Batetik, Beraungo estadioa birgaituko da, 505.000 euroko partidarekin; espazioa berrantulatu ondoren beste futbol-zelai bat egin ahal izango da, eta belar artifiziala berrituko da. Bestetik, atletismoko beharrei erantzuteko estalki handi bat ere jarriko da eta harmailen eremua hobetuko da. Era berean, Arramendi parkearen inguruan egin den parte-hartze prozesuari jarraipena emanez, aplikazio bat ezarri da prozesu horren emaitzei erantzuteko. Proiektua 100.000 eurokoa izango da.

Beste arlo batzuei dagokienez, saneamendu-sarean jarduten jarraituko dute prebentziozko ekintzen bidez, eta horretarako, 100.000 € inbertituko dituzte hobekuntzak egin eta sarean isurketak egin daitezen saihesteko. Zenbateko bera inbertituko dute paperontziak, bankuak eta hiri-altzarietako beste elementu batzuk berritzeko, eta beste 75.000 € sare elektrikorako.

No comments yet.

Utzi erantzuna