Errenteriako Udalak lau orientazio ibilbide diseinatu ditu Listorretan

Jon Txasko, kiroletako zinegotzia, eta Kimetz Galarraga, Gipuzkoako Orientazio Taldeko kidea.

Errenteriako Udalak lau orientazio ibilbide garatu ditu Listorretako parkean, orientazio mapa izeneko tresnatik abiatuta.

Zertan datza orientazio ibilbide bat? Seinalizatutako ibilbide bat egin behar da, pistak bilatuz eta mapako zenbakiei jarraituz. Ibilbidearen puntu bakoitzean dagoen plaka aurkitu behar da, ibilbidearen amaieraraino iritsi arte.

Orientazio kirolak jarduera fisiko eta mentala uztartzen ditu, parte-hartzailearen autonomia jorratzen du eta toki eta ingurune berriak ezagutzea ahalbidetzen du. Bakarka, taldeka, familian, lehia edo aisialdi jarduera moduan egin daitekeen jarduera mota bat da. Gure inguruan kirol hau ez da ezagunegia, baina bai beste hainbat tokitan, besteak beste, Europako Iparraldean.

Horretaz gain, orientazio mapa aisialdi eta turismo jarduera bat da baita ere. Joku edo kirol moduan ingurua ezagutzeko aukera dibertigarri bat bilaka daiteke, herritarrak herrian ezagutzen ez dituen txokoak ezagutzen lagun dezakeen jarduera, alegia.

Errenteriako udalerrian hastapeneko orientazio jarduerak egiteko Listorretako atsedenlekua aukeratu da, bisitari ugari izaten baitira bertan. Honenbestez, Errenteriako Udalak 1 km inguruko orientazio mapa bat egin du 1:5.000 eskalan.

Behin mapa izanda, Listorreta inguruko lau orientazio-ibilbide diseinatu dira, zailtasun eta luzera ezberdinekoak (lehenengoa 1,4 km eta ordubetekoa, bigarrena 2,4 km eta 1,5 ordu, hirugarrena 3,2 km eta bi ordu eta erdikoa, eta azkena 4,7 km eta 3 ordukoa).

Ibilbide horiek jasotzen dituzten mapak, jarraibideak eta guzti, http://herribizia.errenteria.eus/orientazioa web orritik jaitsi daitezke. Gainera, eskuragarri daude Errenteriako Turismo Bulegoan (943 49 45 21) urte osoan zehar eta Listorretako Barrengoloia informazio gunean (udan).

Proiektu hau GOT-ek (Gipuzkoako Orientazio Taldea) egin du eta 5.000 euroko kostea izan du. Eusko Jaurlaritzak 1.700 euroko diru-laguntza eman dio, tokiko eremuan jarduera fisikoa sustatzeko programaren barruan.

Programa hau hirigintzaren eremuan bizitza aktiboa eta hiri osasungarri bat sustatzeko tresna bat da, 2017ko ekainean Errenteriako Udalak onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integralak helburu estrategikoen artean jasoa duen moduan.