Errenteriako Musika Bandak eta Andra Mari Abesbatzak kontzertu bateratua eskainiko dute ostiralean

Errenteriako Musika Bandak eta Andra Mari Abesbatzak Frantziar erara kontzertu bateratua eskainiko dute ostiralean, hilak 23an, Santa Zezilia dela eta. Emanaldia Fatima elizan izango da 20:30ean.

Musika Bandaren zuzendari Alain Ayerdi Gurpegik eta Andra Mari Abesbatzako zuzendari Andoni Sierrak, kontzertu egitarau berezia prestatu dute ospakizun berezirako. Frantziar erara izenburupean, egitarauak frantziar musikari ospetsuenen lanak ekarriko ditu gurera: Gounod, Saint Saëns, Fauré edota Bizet.

Emanaldia bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, Errenteriako Musika Banda izango da Fatimako agertokian eta bigarren zatian Andra Mari Abesbatza elkartuko zaie.

Omenaldi hirukoitza

Kontzertuan omenaldi hirukoitza egongo da: omenduetako lehena, aurten zendutako Iñaki Susperregi musiko eta banderaduna izango da, Musika Kultur Elkarteko urrezko domina ezarriko diote Musika Bandan emandako 50 urte luzeko ibilbidearengatik. Eta berarekin batera Eneritz Gurrutxaga eta Alberto Almendrok Musika Kultur Elkarteko zilarrezko domina jasoko dute bere 25. urteurrenean. Errenterian musika hedatu eta zabaltzeko urtetan egindako lanaren aintzatespena, azken finean.