418.900 euro bideratu ditu aurten Udalak kirola sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzak ematera

Errenteriako Udalak, Kiroletako azpisailaren bitartez, 2018ko ekitaldian 418.900 euro bideratu ditu guztira klub, kirol entitate eta kirolarien artean kirola sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzak ematera. Era horretan, Errenteriako Udalak kirolaren alorrean egindako inbertsio ahalegina mantentzeaz gain berretsi egiten du herrian jarduera fisikoa sustatzearekin duen konpromisoa.

2018an guztira 29 klub eta kirolarik egindako diru-laguntza eskaerak onartu dira, eta, horretaz gain, diru-laguntza nominatiboa emateko bost hitzarmen sinatu dira Errenteriako bost klubekin.

Diru-laguntza horiek diru-laguntza lerro batzuen bidez ematen dira, 2018ko aurrekontuen baitan, eta horiek emanda Udalak kirola praktikatzea sustatu nahi du, baita modalitate ezberdinetako klubak, ikastetxeak, elkarteak edo kirolariak laguntzea, emakumeek kirola egitea sustatzea, kirol egokituaren bidez dibertsitate funtzionalen bat duten pertsonak integratzea, eta Errenterian kirol jarduerak garatzea bultzatzea ere.

Lehenengo diru-laguntza lerroa kluben ohiko jardueretara dago bideratua eta guztira 21.978,19 euro bideratu dira aurkeztu diren zortzi programak diruz laguntzera.

Bigarren diru-laguntza lerroa, berriz, ez ohiko jarduerak eta kirolariak laguntzera bideratzen da eta guztira 13.599,77 euro eman zaizkie aurkeztu diren hamabost programei.

Eskola Kirola sustatzeari begira, Errenteriako ikastetxeek guztira 79.274,91 euro jaso dituzte eskola kirolaren egiturak sortu eta kudeatzeko eta monitoreak kontratatzeko. Gaineratu behar da Udalak finantzatu egin duela eskola igeriketa kanpainaren edizio berri bat, haur hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei bideratuta. Kanpainak 18.000 euro inguruko kostea du eta Errenteriako ikastetxe guztiek parte hartu dute, guztira 306 haur.

Horretaz gain, diru-laguntza nominatiborako hitzarmenak sinatu dira Errenteriako klub batzuekin (Touring KE, EPLE, Ereintza Eskubaloia eta Hibaika Arraun Elkartea), kasu batzuetan kirol instalazioen lagapenarekin zerikusia dutenak (Fanderiako frontoia eta futbol zelaia eta Beraungo erabilera anitzetarako pista). Azpimarratu behar da Mindara Elkartearekin sinatu den hitzarmena, 10.500 euroko diru-laguntza ematen duena, elkarteak dibertsitate funtzioanala duten pertsonei balioa emateko egiten duen kirol egokitua eta jarduerak sustatzeko.

Era berean, Errenteriako Berdintasunerako sailak 6.000 euro bideratu ditu emakumeen kirola sustatzearekin zerikusia duten hiru programari laguntzeko. Ereintza Eskubaloia, Hibaika Arraun Elkartea eta Club Atlético Errenteria elkarteek gauzatzen dituzten programak aukeratu dira.

Azkenik, azpimarratu behar da Errenteriako Udalak denboraldi osoan zehar mantendu duela aldaketarik gabe udal kirol instalazioen doako erabilera, ekipo federatu zein ikastetxeentzat, entrenamenduak egin eta lehiaketa eta lagun arteko txapelketetan partida ofizialak jokatzeko.

Horretaz gain, atal honetan sartu behar da Galtzarabordako Udal Kiroldegiaren instalazioen doako lagapena Beti Bizkor erretiratuen elkarteari, denboraldian zehar gimnasia aktiboko programak gauzatu ahal izan ditzaten.

2019 ekitaldirako Errenteriako Udalak lan-ildo horiek mantendu eta jarduera fisikoa sustatzeko lanarekin jarraitzeaz gain, laguntza lerro berri bat sortuko du zailatsun ekonomikoak izanik, seme alabak Eskola Kirolean parte-hartzen dituzten familiei bideratuta, ikastetxeetan ordaintzen dituzten kuotak diruz laguntzeko asmoz.