Dagoeneko Metrominutua dauka Errenteriak, herriko puntu nagusien arteko distantzia metrotan eta minututan ematen duen mapa

Errenteriako Udalak Metrominuto ekimena aurkeztu du gaur, herritarrak oinez mugitzera animatzea helburu duena.

Metrominutoa Errenteriako maparen irudikapen eskematikoa da. Kale eta etorbide nagusiak eta interes gune diren puntuak (udal eraikinak, kirol guneak, osasun ekipamenduak eta soziokulturalak,…) irudikatzen ditu, puntu horien guztien arteko distantzia adierazita, metro eta minututan.

Metro-lineen antzeko mapa bat da eta hiri txiki batek lurrazpiko garraiobide hori erabiltzen duten hiri handiei egiten dien keinua izan nahi du.

Zertarako balio duen? Xedea du nabarmentzea herriko toki ezagunen artean dagoen distantzia: leku jakin batera oinez joateko behar dugun denbora baldin badakigu, errazagoa da modu horretan joatea, urruti dagoen toki gisa identifikatuta baino. Hau da, ibiltzeko ohitura sustatzen duen elementua da.

Mapak, herriko puntu nagusietaz gain, komun publikoak ere jasotzen ditu, horiz, dagoeneko eginak daudenak, eta txuri-gorriz egingo direnak.

Zergatik oinez?

Egunero oinez ibiltzeak onura handia dakarkio osasunari. Ikerketa ugarik egiaztatzen dute egunero oinez ibiltzeak lagundu egiten duela gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiten, forman egoten laguntzen du, ona da buruko osasunerako,… Baina, horretaz gain, oinez ibiltzeak ez du kutsatzen, doakoa da eta Errenteria leku bizigarriagoa izan dadin laguntzen duzu.

Kalkulatu al duzu inoiz zenbat denbora behar duzun etxeko atetik normalean kotxez joaten zaren leku horietaraino joateko? Gogoan hartu bidaian inbertitzen duzun denborari gehitu behar diozula aparkalekua bilatzeko eta aparkalekutik iritsi nahi duzun lekura iristeko behar duzun denbora. Eta orain, Zure ustez, zenbat denbora beharko zenuke oinez joateko? Harritu egingo zara egiaztatzen duzunean joan-etorri asko oinez eginez gero gutxiago tardatuko duzula kotxez eginda baino. Harritu egingo zaituzte egiaztatzen duzuenean Errenterian dena oinez oso hurbil dagoela.

Metrominuto mapa lortzea

Metrominuto mapa dagoeneko paperean banatzen ari dira eta hemen deskargatu daiteke.

“Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integrala”-ren barruan

2017ko ekainean Errenteriako Udalak onartutako “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integralak” helburu estrategikoen artean jasoa du hainbat tresna eduki behar duela Udalak, esku-hartzeak barne hartzen dituzten irizpide orokor batzuk, hirigintzaren eremuan bizitza aktiboa sustatzeko eta hiri osasungarri bat egin dezagun.

Helburu estrategiko horren barruan garatu da Errenteriako Metrominutua.