Zumba maratoi solidarioa izango da abenduaren 22an Mindara Elkartearen alde

Galtzarabordako Udal Kiroldegiko pistak zumba maratoi solidarioa hartuko du hilaren 22an. Errenteriako udaleko Kiroletako azpisailak eta Serviocio-BeOne Galtzarabordako eta Fanderiako kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak antolatu dute batera, Mindara elkartearekin elkarlanean; izan ere, elkarteari eskainiko baitiote bertan jasotako dirua. Hala azaldu zuen Gorka Bengoetxea Serviocio-BeOne enpresako ordezkariak atzo, hilak 13, prentsa aurrean.

Maratoia bi zatitan banatuko dela ere esan zuen: “45 minutuko haurrentzako saio bat izango da lehendabizi, 10:00etan hasiko dena. Jarraian, helduentzako 90 minutuko saioari emango zaio hasiera”. Izen ematea zabalik da dagoeneko eta interesdunek Galtzarabordako eta Fanderiako udal kirol instalazioetan egin dezakete hori: “Dohaintza moduan, abenduaren 16ra arte, haurren izen-emateak 3 euroko prezioa izango du eta helduenak 8 eurokoa. 17tik aurrera, 5 eta 10 euro izango dira, hurrenez hurren”.

Jardueran parte hartzen duten helduek ‘parte-hartzailearen’ motxila jasoko dute. Bertan Super Amarak eta Nutrisportek emandako produktuak izango dituzte.

Bengoetxeak, bestetik, azpimarratu zuen, duela 4 urte hasi zirela maratoi solildarioak antolatzen, “kirola eta gizarte arloa uztartzeko xedearekin” eta urtez urte izan duen arrakasta ikusita, aurten ereo bide beretik jarraitzea erabaki dutela.

Erika Martinezek eta Estibaliz Sagarmendik, Mindararen izenean, eskerrak eman zizkieten antolatzaileei; izan ere eurena, elkarte txikia baita eta “mota honetako bultzadak” behar dituzte aurrera ateratzeko.

Bere aldetik, Jon Txasko Kiroletako zinegotziak eskerrak eman nahi izan zizkion Mindara Ekarteari egiten duen lanagatik eta herritar guztiak animatu zituen maratoian parte hartzera.

Mindara elkarteak dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzen ditu eta Oarsoaldean jarduten du. Xede nagusia du pertsona horien autonomia bultzatzea eta, horretarako, gizarte eta kirol alorreko jarduera osasungarriak egiteko programak antolatzen ditu.