Egitarau zabala dakar San Tomas egunak

Duela 32 urte antolatu zuen Xenpelar AEK euskaltegiak lehendabizikoz San Tomas eguna Errenterian, eta aurten ere, “indartsu eta gogoz” datozela adierazi zuten San Tomas Batzordeko kideek larunbatean: “Errenterian elkarlanean gauza politak antolatzeko gai garela erakusten dugu egun honen antolaketarekin”.

Hilabeteetako elkarlan horren emaitzaz gozatzeko parada izango dute herritarrek eta bisitariek. Ohi bezala, Gamon zumardia izango da jaiaren erdigune, nahiz eta txistorra postuak eta programako beste zenbait ekintza Herriko plaza eta hainbat kaletan izango diren: Agirre Lehendakariaren plazan, Biteri kalean, Herriko plazan, Xabier Olaskoaga plazan eta Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroan.

Batzordeko kideek azpimarratu nahi izan zuten herriko elkarte, eragile, talde eta norbanakoak direla, egun, Errenteriako San Tomas eguna ahalbidetzen dutenak: AEK euskaltegia, Alaitasuna, Alabergako eta Galtzarabordako Auzo Elkarteak, Burusoilen Elkartea, Doike, Ereintza, Gaztelan, Juventudes Socialistas, Landarbaso abesbatza, Lifestyle, Motorbike, Oiarso Saskibaloia, Oiartzoko ikasleak, Pikoketa, Sputnik eta Errenteriako Udala bera.

Halaber, eguneko protagonista aurkezteko ere baliatu zuten unea: Jexux txerria. Izan ere, euren hitzetan “bera izango baita jaiaren erdi-erdian eguneko bisita gehien jasoko dituen pertsonaia”. Aurreko urteetan lez, haren pisua asmatzeko aukera izango dute hura ikustera hurbiltzen diren guztiek, ‘Txerri porra’ eginez.

Amaitzeko, deialdi berezia egin nahi izan zuen batzordeak: “Batetik, atera ezazue armairu barruan gordeta duzuen baserritar jantzi hori, eta jantzi ezazue abenduaren 21ean, goxo-goxo, polit-polit. Bestetik, har ezazue etxean duzuen edalontzi berrerabilgarri hori, eta erabil ezazue egun osoan zehar, gure ingurunea, gure natura zaindu behar dugu-eta, gurea eta bakarra baita. Honekin batera, erabil ezazue gure hizkuntza, euskara, agurtzeko, eskertzeko, eskatzeko, ligatzeko… Bide batez, errespeta ezazue bertan izango diren animaliak eta lagun iezaguzue jaia paregabea izan dadin. Eta azkenik, jakizue San Tomas batzordeak ez duela onartuko inongo erasorik gure herrian, ez 21ean, ez inoiz, ez eraso sexistarik, ezta bestelako erasorik ere”.

Egitaraua:

  • 11:00, Zumardia: Azokaren irekiera
  • 11:00, herriko kaleetan zehar: Herriko Udal Txistulari Taldea
  • 11:30, Zumardia: Pregoia
  • 11:30, Kapitain Etxea-Jantziaren Zentroa: Alpargatak lotzeko eta zapia janzteko tailerra
  • 13:00, Foru plaza: Bertso Saioa
  • 12:00-14:00, Kapitain Etxea-Jantziaren Zentroa: Baserritar jantzien erakusketa
  • 17:00-20:00, Kapitain Etxea-Jantziaren Zentroa: Baserritar jantzien erakusketa
  • 17:00, Foru plaza: Txapel jaurtiketa lehiaketa
  • 17:30, Agirre Lehendakaria Plaza: Herri Kirolak
  • 18:30, Zumardia: Jauziak
  • 17:30, Xabier Olaskoaga plaza: Errenteria Musikaleko Dantzaldia
  • 18:30, herriko kaleetan zehar: Trikitilariak
  • 18:30, San Tomas lagun tabernetan zehar: Deiadar Txaranga
  • 19:30, herriko kaleetan zehar: Amulletako danborrak
  • 20:30, Zumardia: Sari banaketa
  • 22:00, Zumardia: Dantzaldia Laiotz taldearekin