Errenteriako lehen orientazio proba abenduaren 30ean jokatuko da eta izena emateko epea 27an bukatuko da

Ibon Goikoetxea, GOT taldea eta Jon Txasko Kirol zinegotzia2018ko Abenduak 30ean Errenteria hiriko I. orientazio proba antolatuko da. Berau, Gipuzkoako IV. Orientazio liga herrikoiaren hasiera izango da, eta honenbestez, igande goizean, kirol ezezagun honen zaleek eta lehen aldiz probatu nahi dutenek ere, orientazio mapa batekin Errenteriako hainbat txoko ezagutzeko parada izango dute.
Proba, GOT, Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatuko du Errenteriako Udalaren laguntzarekin, eta proba herrikoi bat izanik, maila ezberdinetara egokitutako ibilbideak prestatuko dira parte hartzaileentzat, norberak aukeratu ahal izango duelarik zein ibilbide egin.

  • Ibilbide gorria. 29 baliza. 8 Km inguruko ibilbidea.
  • Ibilbide laranja. 25 baliza. 4 Km inguruko ibilbidea.
  • Ibilbide horia (Ume eta familiei zuzendua). 16 baliza. 2,5 Km inguruko ibilbidea.

Bertaratzen direnak, mapa bat jasoko dute, eta bertan, hirian zehar kokatu diren balizen kokapena ikusiko dute. Maparen laguntzaz, puntuak bilatu eta txip baten bidez antolaketak jakingo du bertan izan direla parte hartzaileak, horrela ibilbidea guztia osatuz.
Orientazio proba, Alamedako kioskoan abiatuko da, eta harrera goizeko 9.00 tik 12.00ak arte zabalik izango da. Parte hartzaileek, erlojupeko bat bailitzan, minuturo irtengo dira, eta ibilbideak 14.00 tan itxiko dira.

Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aurrez izena emanda egotea. Antolatzaileek gogorazi dute izena emateko epea abenduaren 27an, ostegunean, bukatuko dela.
Probaren inguruko informazio guztia eta izen ematea gotorientazioa.org helbidean dago.
Proba herrikoia izanik, eta mendian izan beharrean, hirian dela jakinda, antolaketak kirol hau ezagutzen ez dutenei, animatu eta parte hartzera animatzen die. Oinez egin daiteke, bakarka, lagun artean edo familian, eta iparorratza izatea ez da beharrezkoa. Gainera, antolaketak, goizeko 10.00 tan Alamedako kioskoan orientazio probaren inguruko hastapen ikastaro bat emango du, lehen aldiz orientazio proba batean parte hartzen duenarentzat.
Horrela bada, orientazio kirolaren bidez Errenteriako txokoak ezagutu, kirolaz gozatu eta familian, bakarka edo lagun artean ondo pasatzeko aukera izango duzue urtea amaitu baino lehen!
EGITARAUA,  abenduak 30, igandea

  • 9:00tan.  Harrera gunearen irekiera Gamon Zumardiko Kioskoan (Errenteria)
  • 9:30ean. Lehen irteerak
  • 10:00tan. Hasi berrientzat hastapen ikastaro laburra (15 min)
  • 12:00tan. Azken irteerak
  • 14:00tan. Itxiera