Patchworka eta antzerkia baturik, ‘Sorkuntza adabakiak’ erakusketa hartu du Xenpelar Etxeak

Abenduaren 19tik ‘Sorkuntza adabakiak’ erakusketa ikusgai dago Xenpelar Etxean. Erakusketa Xenpelar Tailerretako Patchworkeko ikasleen eta Antzerki Labea udal antzerki tailerren ikasleean arteko elkarlanaren emaitza da.

Ikasturtean zehar lantzeko, bi haur ipuin aukeratu zituzten Patchwork tailerreko ikasleek, euren interesak eta bizipen pertsonalak lantzeko asmoz: N.M. Bodecker idazle danimarkarraren ‘Hurry, hurry, Mary dear’ eta ‘Oma’s quilt’, Paulette Bourgeois kanadiarrarena.

Bi ipuin hauek urtean zehar tailerrean jorratzen duten lengoaia artistikora egokitu dituzte, modu piktoriko eta irudimentsu batean tela koloretsu eta bordatuen bidez, obra berria osatuz.

Lan hau izan da bi udal tailerren elkarlanerako aitzakia eta hala, antzerki tailerreko ikasleek, oinarri beretik abiatuta, narrazio horiek kontatzen dituen antzerki pieza osatu dute. Pieza hau ere ikusgai izango da erakusketan bertan kokatu duten pantaila batean.

Urtarrilaren 5a arte zabalik egongo da, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.