Errenteriako Musika Bandak bals doinuekin zabalduko du denboraldi berria igandean

Datorren igandean, hilak 6, eguerdiko 12:30ean Errenteriako Musika Kultur Elkarteak 2019 denboraldi berriari hasiera emango dio Foru Plazan eskainiko duen ohiko Urte Berri Kontzertuarekin.

Musika Bandak Mozart, Franz Von Suppé, Emile Waldteufeld eta Staussen doinuekin urtea zabaltzea proposatuko digu Carlos Rodriguez Albisturen zuzendaritzapean.

Euria aurreikusten bada, Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan emango dute kontzertua.

Proposamen eszeniko berriz beteriko denboraldia aurreikusten dute

Musika Kultur Elkarteko kideek aditzera eman dutenez, aurtengo denboraldia proposamen eszeniko berri eta kontzertuz beterikoa izango da. Hainbat irtenaldi eta eragilerekin elkarlanean arituko diren denboraldi zorrotza. Azken urteotako ildoari jarraiki, bazkide eta jarraitzaileengan hain erantzun ona jaso duen proposamen berrien sendotzea ekarriko duen eta kontzertuz beteriko denboraldia izango dela aurreikusten dute.

2019 denboraldiko urteko egitaraua Bandaren web orrian dago eskuragai.