Udalak jakinarazi du irmotasunez jokatuko duela erasoen aurrean

Udalak igandean Errenteriako lagun batek jasan zuen erasoa gaitzetsi du eta horrelako gertakarien aurrean irmotasunez jokatuko duela adierazi du.

Udalak horrelako erasoak arbuiatzen ditu eta gertakari horrekiko gogor jardungo du. Horretarako, Ertzaintzarekin batera ikerketa bat abiarazi du jada, erasoa egin zutenak aurkitzeko.

Bestalde, Udala erasoa jasan zuen pertsonaren familiarekin harremanetan jarri da eta erakundearen elkartasuna adierazi dio, eta espero du laster osatuko dela.

Udalak adierazi du mota honetako erasorik ezin dela onartu, ez gure herrian eta ez beste inon, eta, hortaz, ekintza-plan bat jarri du jada martxan.

Errenteriako egoera segurtasunari dagokionez

Duela zenbait hilabete segurtasunari buruzko azterlan-diagnostiko bat egin zen EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuaren eskutik. Hortik abiatuta, ekintza plan bat abian jarri zen diagnostikoak biltzen zituen ondorioei erantzuna emateko.

Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketa horrek adierazten zuen Errenteria herri nahiko segurua dela. Halere, EHUren ikerketak hobetu beharreko hainbat alderdi jasotzen zituen.

Hori dela eta, Udalak zenbait hilabete daramatza gertakari gehien antzeman diren eremuetan lanean. Zentzu horretan, zaintza areagotu dute eta bizilagunei azaldu dizkiete inguruan ezarri diren neurriak, haiekin egin dituzten hainbat bileratan.

Azkenik, Udalak espero du gertakari hauek konpontzen joatea abian jartzen ari diren neurrien zein ekintza planaren bidez.