Artzerkiaz gozatzeko aukera zabala eskainiko du Niessen Kulturguneak

Urtarriletik martxora arteko arte eszenikoen programazio aurkeztu dute gaur goizean Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak. Antzerkia ‘indartsu’ datorrela esan dute eta Niessen Kulturguneak publiko guztientzako aukera zabala eskainiko duela.

Familiarteko publikoari zuzendutako ikuskizun batekin estreinatuko dute 2019ko denboraldia: urtarrilaren 25ean Teatro Gorakadak konpainiak ‘Ulisesen bidaia’ antzezlana oholtzaratuko du, 18:00etan. Otsailean, 22an, hain zuzen (18:00etan), Xake produkzioak taldea ‘Lur’ obrarekin etorriko da, Ane izeneko mutilaren bizipenak kontatzera eta Pausokak ‘Go!azen’ telesail ezaguneko istorioak jarriko ditu eszenan martxoaren 29an: bi saio emango dituzte, 17:00etan lehena eta 19:00etan bigarrena.

Publiko helduak ere izango du non aukeratu. Euskal Herriko hiru konpainia izango dira Errenterian euren lanak aurkezten: Compañía la que tú me haces taldeak ‘Exit. La de emergencia’ antzezlana taularatuko du, urtarrilaren 27an, 19:00etan. Ondoren etorriko dira, Parasite kolektiboaren ‘Hot water’ (otsailak 17, 19:00etan) eta Vaivén producciones konpainiaren ‘Erlauntza’’ (otsailak 23, 20:00etan). Peripécia konpainia portugaldarrak eskainiko du urteko lehen hiruhilekoko helduentzako azken ikuskizuna, ‘13’ izenburupean.

‘Atarian’ ekimenaz ere hitz egin dute, eta igandetan programatzen diren helduentzako ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango duela adierazi dute: “Esperientzia berriak eskaini dizkiegu herritarrei eta arte eszenikoen esparrua barrutik ezagutzeko aukera eman. Horretarako, Kulturguneko hallean biltzen gara, kopa bat ardo eskaintzen dugu eta lagunartean, berriketan aritzen gara. Giro berezia sortzen da ikusle eta artisten artean”. Ainara Gurrutxaga antzerkigile eta kazetari errenteriarrak gidatzen ditu solasaldiak eta hiruhileko honetan, ‘Exit. La de emergencia’, ‘Hot water’ eta ’13’ antzezlanek eskainiko dute atarian geratzeko aukera.

Ikuskizunen prezioak ere gogorarazi dituzte: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako iksukizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Sarrerak erosteko aukera ezberdinak daudela ere esan du Tolosak. Gaurtik aurrera, Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago, edo on-line, bibe.me webgunean.

Go!azen ikuskizunak, aitzitik, sarrera salmeta berezia izango du: urtarrilaren 18an jarriko dira sarrerak salgai, 10:00etatik aurrera Niessen Kulturguneko leihatilan (sarreren ⅔) eta 17:00etatik aurrera, bibe.me webgunean (sarreren ⅓) . Pertsona bakoitzak 4 sarrera erosi ahalko ditu gehienez ere.

Bestalde, Niessen Kulturgunea Sarea, Euskadiko Antzoki Sareko eta Platea, Estatu Mailako Arte Eszenikoen programako kide dela azpimarratu dute eta horrez gain, bi konpainia egoiliarren etxea ere badela: Kukai Dantza eta Dejabu.

Amaitzeko, herritarrak Niessenek eskainiko duen programazioaz gozatzera animatu dituzte eta aurkeztutako programazio osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela gogorarazi dute.