Errenteriako Udalaren erantzuna Udaltzaingoko CCOO sekzio sindikalak egindako adierazpenei

Udal komunikabidea 2019-01-15 | 0

Errenteriako Udalak desegokitzat jo du herritar batek jasandako erasoa erabiltzea errebindikazio sindikal bat egiteko

Errenteriako Udala ez da inoiz izan Udaleko sindikatuen prentsa oharrak edo adierazpenak erantzutearen aldekoa, uste baitu eztabaida horiek Udalaren barruan dauden negoziazio-mahaietan konpondu behar direla. Nolanahi ere, Udalak kontsideratzen du bereziki desegokia dela duela astebete eskas herritar batek jasandako erasoa erabili eta aprobetxatu izana guztiz sindikala den errebindikazio bat egiteko. Horiek horrela, adierazpen horiei erantzun behar diela uste du.

Udaltzaingoko CCOO sekzio sindikala auzoko poliziaren figuraren aurka mintzatu da, segurtasun-plan bat behar dela esan du eta baieztatu du Udaltzaingoaren barruan ez dagoela behar adina kide. Adierazpenetan, espekulatu egiten du, inolako oinarririk gabe, haien ustez horrek guztiak herritarren segurtasunaren gainean duen eraginean.

Hasi gaitezen lehenengo kritikarekin, duen garrantzia kontuan hartuta. 2011n egindako hauteskundeen ondoren, Udalak Udaltzaingoaren jarduteko eredua aldatu eta hobetzearen aldeko apustua egin zuen. Ordura arteko polizia ereduaren arabera, agenteak ibilgailuan sartuta egoten ziren esku hartzeko deia jaso arte. Kexa zegoen herritar gehienen aldetik, kalean udaltzain faltagatik.

Ikerketa prozesua egin eta erreferentziazko beste tokiko polizia batzuekin kontrastatu ondoren, auzoko poliziaren figura jarri zen abian. Figura hori ez du Errenteriako Udalak asmatu, beste tokiko polizia batzuetatik ekarri zen eredua. Eta, horretarako, Udalak plantillan zeuden plaza huts batzuk bete zituen, era horretan kide kopurua handituz.

Helburua prebentzioa bultzatzea da. Eta, jakina, kontzeptu diferentzia bat dago CCOOren eta Udalaren artean; izan ere, lehenengoek eskatzen zaienean baino esku hartu nahi duten bitartean, Udalaren helburua da delitua saihesteko jardutea. Auzoko agenteak ez du modu erreaktiboan jardun behar, proaktiboan baizik. Harremanak izan behar ditu herritarrekin, informatu egin behar ditu, eta beti egongo da patruila bat, bi kiderekin edo beharrezkoak direnekin, behar izanez gero esku hartzeko. Eredu horrek hainbat esku-hartze arrakastatsu ekarri ditu, CCOOk erakutsitako erresistentzia gorabehera.

Helburu hori betetzeko, Errenteriako Udalak Herritarren Segurtasunerako Kontseilua jarri zuen abian (esan liteke EAEn bakarretakoa dela). Kontseilua Ertzaintzak, Udaltzaingoak, udal departamentuek eta gizartearen alorrean lan egiten duten eragile batzuek osatzen dute. Xedea du segurtasunari erantzutea ikuspegi integral batetik. EHUrekin diagnostikoa egin zen eta segurtasunerako ekintza plana idatzi zen, dagoeneko inplementatzen hasi garena. Hortaz, badugu segurtasun plan bat, CCOOk esaten duenaren aurka.

Eta Errenteriako segurtasun plan orokorra izateaz gain, Udalak badu segurtasun alorretik ahulen diren herriko guneetan eragiteko esku-hartze plan bat. Plan horrek dagoeneko ekarri ditu eta oraindik ere ekartzen ari da hainbat esku-hartze, hala nola poliziaren presentzia kalean, argi gehiago jartzea kaleko leku arriskutsuenetan, eta koordinazio handiagoa Ertzaintzarekin. Duela gutxi planteamendu horren berri eman zaie Juan de Olazabal kaleko bizilagunei eta Iztietako auzo-elkarteari eta Iztietan lan egiten duten beste eragile batzuei.

Eta, azkenik, Udalak are gehiago handiagotu du Udaltzaingoaren kide kopurua. Bi ofizialorde izatetik lau izatera pasatu gara, eta, une honetan, TAOren publifikazioa dela-eta, 18 agente (11 plaza berri) formazioa jasotzen ari dira Arkauten eta udan hasiko dira lanean Errenterian. Eta CCOOren gustukoa ez bada ere, poliziaren eredu prebentiboa sustatzeko izango da, delitua saihesten duen polizia eta segurtasunaren gainean modu integralean jarduten duena.

Amaitzeko, TAOren kontrolarekin segurtasunean zaintza orduak murrizten direla dioen salaketaren inguruan, dagoeneko esanda dago 11 agente berri kontratatu direla TAOren publifikazioaren ondorioz eta, txosten teknikoen arabera, zerbitzu horrek 3,5 kide baino ez dituela behar.

Segurtasuna da gizarteak zein Udal honek duten erronka handienetako bat, alkatetza nork eskuratzen duen alde batera utzita, eta uste osoa dugu bide honetatik lortuko dugula herritarrek askatasun osoz gozatu ahal izatea herriko kale guzti-guztietan.

No comments yet.

Utzi erantzuna