‘Egin zaidazu bisita’ abestiaren bideoklipa estreinatuko dute larunbatean Niessen kulturgunean

Errenteriako Udalak datorren larunbatean, hilaren 19an, goizeko 12:00etan, “Egin zaidazu bisita” abestiaren bideoklipa aurkeztuko du Niessen kulturguneko auditorioan. Hain juxtu ere, Leire Martinez (La oreja de Van Gogh), Jonatan Camacho eta David Escudero (Sonakay), Mikel Markez, Lynda Chinedu Phillips, Asmae Barrouz eta Jon Santos abeslariek nahiz herriko hiru koruek ahotsa jarri zioten abestia (Zaria, Andramari eta Landarbaso), ekainaren 27an aurkeztu zen.

Bideoklipean herriko hainbat eragilek eta elkarte desberdinetako kideek hartu dute parte. Denera jatorri, adin, auzo nahiz lanbide desberdinetako hogeita hamar errenteriarrek baino gehiago. Gainera, horretarako herriko lokalizazio desberdinak izan dira eszenatoki. Proiektuaren helburua da Errenteriak duen aniztasuna balioan jartzea, elkarbizitzaren mezua zabaltzea eta Errenteria herri abegitsua dela adieraztea, horretarako, ongi etorria emanez.

Bideokliparen aurkezpen ekitaldia irekia izango da, hortaz, interesa duen edonor hurbil daiteke bertara larunbatean.

Autobus markesinak

Era berean, eta protagonista berekin datozen asteetan ere komunikazio kanpaina bat jarriko da martxan herriko hemezortzi autobus geltokietan herri osoan zehar.