Zabalik da inauterietako tabernen arteko mozorro lehiaketan izena emateko epea

Inauteriak | Kultura 2019-01-16 | 0

Inauteriak direla eta, Errenteriako Udalak, Inauterietako batzordearen ekimenez, tabernen arteko mozorro lehiaketa antolatuko du bosgarren urtez.

Pasa den azaroan egindako herri-galdeketan, datorren inauteria zirkuak jantziko duela erabaki zuten herritarrek eta, horixe izango da, lehiaketan parte hartu nahi dutenek ardatz hartu beharko duten gaia.

Parte hartzeko, nahikoa da, Zu! Zure Udala zerbitzuan eskaera egitea otsailaren 8a baino lehen. Informazio edo argibideetarako, Kultura azpisailera (943 449634) dei dezakete interesdunek, 8:00etatik 14:00etara.

Lehiaketaren oinarrien arabera, lokalak atonduta egon beharko du, gutxienez, otsailaren 28an, arratsaldeko 19:00etarako eta ez da hizkera sexista erabiliko, ezta emakumeen diskriminazioa edo estereotipo sexistarik erakusten duen irudirik ere.

Aditu talde batek aukeratuko du taberna irabazlea, ondorengo irizpideen arabera: gaiaren lanketa, originaltasuna, elementu ezberdinen diseinua eta tabernaren girotze lana.

Sari moduan, irabazleari, 2020 urteko inauterietan, bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko 500 € eskainiko zaizkio.

Interesdunek errenteria.eus webguneko iragarki taulan aurki ditzakete oinarri bere osotasunean.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna