Errenteriako Udala da gizarte kohesioan gehien inbertitzen duena, ‘bikain’ maila lortu duten Estatuko 31 udalen artean

Espainiako Estatuaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak argitaratu duen ikerketa baten arabera, 20.000 herritarretik gorako hirien artean Errenteria da berriro ere gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duena, urteko pertsona bakoitzeko 275,74 euro bideratzen duela. Aipatzekoa da Granada, Zaragoza edo Bartzelona ere aipatutako ikerketan agertzen direla.

Espainiako Estatuaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak 31 udaletxe besterik ez ditu bikain-tzat jo, eta Errenteria izan da sailkapen horretan lehenengoa. Kalifikazio hori lortzeko honako irizpide tekniko hauek bete behar dira:

-Gizarte zerbitzuetan urtean, biztanle bakoitzeko, 100 eurokoa baino inbertsio altuagoa egiten dela akreditatzea.

– Aipatu inbertsioa aurreko urtekoa baino txikiagoa ezin da izan.

– Gizarte gastuak, gutxi-gutxienez, aurrekontu orokorraren % 10a baino gehiagokoa izan behar du.

– Udalak finantza-gardentasunaren printzipioa bete behar du; hau da, datuak gardentasun atari batean kontrastatzea posible behar du izan; bai aurrekontuaren xehatzea eta baita gizarte zerbitzuetara bideraturiko gastu zehatzak ere.

Ikerketak balioesten eta berronesten du herritarrak bere jardueraren erdigunean jartzeko udalak egiten duen apustua; izan ere, Errenteriako Udalak argi baitu ez dagoela kalitatezko herri-proiekturik kohesioaren eta gizarte justiziaren aldeko apusturik egin ezean. Honi dagokionez, okerren pasatzen ari direnengan inbertitzea herrian, bere osotasunean, inbertitzea da.

Printzipio hau Errenteria 2025 Plan Estrategikoan jasoa dago, zehazkiago lehen erronkatzat hartu zuen lortzea hiri solidario, aktibo, kohesionatzaile eta integratzailea.

Udal Gobernuak ulertzen du gizarte zerbitzuetan eta laguntzetan inbertitutako diruak ez dituela jasotzaileak soilik laguntzen, baizik eta gure hiriaren kohesioa areagotzen dutela. Hau da, Errenteria hobe bat sustatzen dutela, hau izanik udal jardueraren oinarrizko helburua, alegia.