Hilabetetako elkarlanaren ondoren, Errenteriako Udalak eta Ertzaintzak akordio bat gauzatu dute herriko segurtasuna elkarlanean indartzen jarraitzeko

 

Juan Luis Gundin, Errenteriako Udaltzaingo burua; Julen Mendoza, Errenteriako alkatea, Mikel Treku, Ertzaintzaren Gipuzkoako burua

Udala, Udaltzaingoa eta Ertzaintza beti aritu izan dira elkarlanean eta lankidetzan. Alabaina, azken hilabeteetan harreman eta lan hori areagotu egin dira udalerriko bi puntutan antzemandako arazoei erantzun egokiagoa eman eta lankidetza-tresnak ugaritu ahal izateko.

Ildo horretan, adierazi behar da duela hilabete batzuk abian jarritako Ekintza Planak ere ahalbidetu duela bi polizien arteko lankidetza handiagoa eta operatiba hobea izatea.

Aipagarria da Ertzaintzak eta Udaltzaingoak erregistratuta zituen arau hauste-penalak %4,63 jaitsi zirela Errenterian 2017an, eta 1.000 biztanleko delitu-tasa ere bi puntu jaitsi zen. Gainera, 2017a izan zen salaketa judizial gutxien egon zen urtea 2005 urteaz geroztik.

Bi polizien arteko lankidetza-esparrua

Hitzarmen honek optimizatuko ditu baliabideak eta areagotuko ditu bi kidegoen arteko trukea eta fluxua.

Azken batean, koordinazioa handituko denez, erantzuna azkar, arin eta eraginkorragoa izango da.

Zentzu horretan, behar denean egiten diren Koordinazio Batzarrei eta abian den Ekintza Planari esker, segurtasunaren ikuspegi integrala inplementatuko da, berriki Errenteriako Udalak eta Segurtasun Sailak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan.

Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren arduradunek espero dute emaitza positiboak ikusten hastea azken aldian herritarrak gehien kezkatu dituzten segurtasun arazoei dagokienean ezarritako neurriei, Ertzaintzarekin lankidetzari eta Udaltzaingoko plantilla handitzeari esker –Errenteria da biztanleko udaltzainen ratiorik handienetakoa duen herria–.