Errenteriako Indoor Triatloiaren edizio berria egongo da larunbatean

Otsailaren 2an (larunbatean) Errenteriako Indoor Triatloiaren edizio berri bat burutuko da Fanderiako Udal Igerilekuetako instalazioetan, Errenteriako Udalak antolatuta.

Proba 15:30etik aurrera egingo da eta ondorengo jarduerek osatuko dute: igeriketa: 500 metro igerilekuan, ziklismoa: 8 kilometro bizikleta estatikoan eta 3,25 kilometroko lasterketa, Fanderiako bidegorrian barrena doan zirkuitu batean. Parte-hartzaile bakoitzaren denbora guztia kalkulatzeko garaian hiru proben artean egindako transizio-denborak ere kontuan hartuko dira.

Triatloiak modalitate hauek izango ditu: gizonezkoak, emakumezkoak, ekipoak (gizonezkoenak, emakumezkoenak eta mistoak) eta familiak. Taldeen kasuan, ekipoak hiru kirolarik osatuko dituzte eta proba hiru parte-hartzaileen artean banatuko da, ekipoko kide bakoitza diziplina bakar batean arituko baita.

Proba hau parte hartu nahi duten guztiei dago irekita. Parte-hartzeko ordaindu beharreko kuota 6 eurokoa da eta ekipo modalitatean parte hartzen dutenek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte (4 euro pertsona bakoitzeko). Izena emateko epea irekita dago Fanderiako Udal Igerilekuetako harreran (943 344 423) eta Galtzarabordako Udal Kiroldegiko harreran (943 449 690).