Lehen sorospenerako arreta eskola-curriculumean txertatzen aitzindari izango da Orereta Ikastola

Emergentziak Osakidetza erakundeak, EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, eta aipatu ikastetxeak landu eta jarri dute abian elkarlanean proiektua.

Orereta Ikastola izango da lehen sorospenerako arreta eskola-curriculumean txertatuko duen Euskal Herriko lehen ikastetxea. Emergentziak Osakidetza erakundearen eta EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ezinbesteko aholkularitzari eta laguntzari esker emango du pausoa.

Gainera, prozesua dokumentatu eta hala nahi duen ororen eskura jartzea da asmoa.

Talde-eragile bat osatzea izan da lehen pausoa. Talde-eragile hori Ikastolako osasun munduko hainbat gurasok eta zenbait langilek osatzen dute. Lehenik, lehen sorospenerako formazio sakona jasoko dute horiek Emergentziak Osakidetzako profesionalen eskutik. Hori eginda, talde-eragile hori arduratuko da Ikastolako langile guztiak eta DBHko ikasleak formatzeaz.