‘Txapela buruan eta dantza munduan’ ikuskizuna antolatu dute ostiralerako, Errenteriako eskola publikoak babesteko

Ekainaren 2an Euskal Eskola Publikoaren Jaia Errenterian egingo dela aprobetxatuz, aurtengo aurrematrikulazio kanpainan babes berezia eman nahi diete herriko zein eskualdeko ikastetxeei. Jaiaren helburuetako bi Oarsoaldeko ikastetxe publikoak elkartzea eta eskualdean eskola publikoa indartzea dira, eta horien haritik, familiak seme-alabak sare publikoan matrikulatzera animatzeko asmoz, Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna antolatu dute ostiral honetarako, otsailak 1erako.

Ikuskizuna 17:15ean hasiko da, eta, eguraldia lagun izanez gero, Gamon Zumardian egingo da; bestela, Koldo Mitxelena ikastetxeko Biteri eraikineko patio estalian. Sarrera librea.