Errenteriako Jantziaren Zentroak Habian!-ekin elkarlanean antolatutako lehen erakusketa zabalduko du bihar

Proposamenak ehuntzen izeneko erakusketak hiru sortzaileen lanak batzen ditu, Idoia Lizeaga bitxigile garaikidea, Inma Gomez kapelagilea eta Saioa Matxain diseinatzailea. Lehenengo biek bi urte daramatzate Errenteriako Habian! Fabrika kreaktiboko hazitegiko taillerretan lanean, Torrekua eraikinean. Saioak, aldiz, urtebete.

Idoia Lizeagak (Astigarraga, 1970) Itsaharriak eta Ama izeneko bildumen piezak jarri ditu ikusgai, ehunezko bitxiak dira, horrez gain, materiale naturalekin ehundutako formatu handiko apaingarriak sortu ditu propio erakusketa honetarako.

Saioa Matxain (Errenteria, 1989) SAI-SUo markaren moda diseinatzaileak Nishi bildumaren hainbat pieza erakusten ditu, XIX. mende amaierako eta XX. hasierako orientalismoan inspiratuta.

Inma Gomez-ek (Granada, 1972) Saioa Matxainen Nishi bildumako loreak, osagarriak eta hiru dimentsiotan brodatutako konposizioak aurkezten ditu. Kapelagile lanean egindako hainbat pieza ere ikus daitezke Kapitain-etxean.

Bakoitzak bere artisau sorkuntzak ikusgai jartzeaz gain, hiruen artean sarean, elkar lanean, egindako proiektua erakutsiko dute. Jantziaren Zentroan ikusgai dauden pieza guztiak salgai daude, eta hala nahi duenarentzat, hiru artisauek neurrira, propio eskatutako diseinuak sor ditzakete.

Proposamenak ehuntzen erakusketa Jantziaren Zentroaren beheko solairuan doan ikus daiteke datorren otsailaren 2tik, larunbatetik, martxoaren 31 bitarte. Ordutegiari dagokionez, irekita egongo da larunbatetan goizeko 11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; igandetan, berriz, goizeko 12:00etatik 14:00etara.