Santa Agedako koplak kantatuko ditu iluntzean Ereintzak

Iñigo Legorburu, Eider Rodriguez, Luis Mari Etxebeste, Eskulangintza Azoka eta Gaztedi Txiki Elkartea omenduko dituzte, besteak beste.

Aurten ere Ereintzako abestalde herrikoiak, lehengo ohiturei jarraiki, Santa Ageda bezperako koplak eskainiko ditu herriko kale eta tabernetan. Gaur izango da, iluntzean, eta ondoko toki eta ordutan egingo dituzte saioak:

Arratsaldeko 18:40ean, Foru Plazan, Xenpelarri eskainitako eskulturaren aurrean, Iñigo Legorburu omenduko dute Bertso Eskolako taldearekin batera. Jarraian Lekuzarrera joko dute 18:52an. Ondoren, Santxo Enea kalean, Noski liburu denda parean, Eider Rodriguez herritarrari eskainiko diote saioa 19.10ean. Mikelazulon izango den ekitaldia Eskulangintza Azoka gogoan hartuz burutuko da 19:25ean. Erdiko Kalea zeharkatu eta gero, Xiberon Luis Mari Etxebeste taldekideari eskainiko dizkiote bertsoak 19:35ean. Aurreikusitakoari jarraiki, ohikoa den sarreratxoa egingo dute Donosti Sagardotegian 19:55ean. Zumardira itzuliz, Maite tabernan entzun nahi izanez gero, 20:20an dute hitzordua jarria. Eta saioa amaitzeko Kontzejupean omenduko dute Gaztedi Txiki Elkartea aipatutako bi abestaldeek.

Gaurko saioan, Ereintzako txistulariekin eta Doike taldeko soinujoleekin batera, zuzendari lanetan Xabier Vesga arituko da. Koplari gisa, berriz, Amaia Agirre bertsolaria.

Aurtengo berariazko bertsoak Sabin Irastortzak, Julian Albisturrek eta Mikel Ugaldek prestatu dituzte.