Zaintza lanetarako sei kamera berri instalatuko dituzte

Erdigunea | Gabierrota | Iztieta 2019-02-05 | 0

Errenteriako Udalak hainbat kaleko-kamera jartzeko lanei ekingo die bihar goizean. Instalazio honekin segida emango die indarrean dauden planei, Iztieta, Erdialde eta Gabierrota inguruen zainketa elektronikoarekin.
2018ko apirilean kontratazio deialdiarekin abian jarri zen proiektu honek sei kamera berri jartzea hartzen du aintzat, zehazkiago, hiru, Juan Olazabal inguruan; bi Nafarroa etorbidearen Diputazio plazaren inguruan eta, azkena, Gabierrotan. Muntaketa lanek egun bat edo bi iraungo dute, eta tresneria erabilgarri egongo da lanok bukatu bezain pronto. Udalak lanotan 47.932 euroko inbertsioa egingo du.
Aipatu bideokamerek indarrean dagoen bideo-zaintza legea betetzen dute; besteak beste, beharrezkoak diren protokoloak betetzen dira grabatutako materialekin eta legeak ezarritako moduan jarriak seinalizatuta daude.
Gogoratu beharra dago kameren instalazioa ez dela ekimen isolatua. Udaltzaingoak bere jarduera berritzeko aurrera daraman planaren parte da sei kamera berri hauek muntatzea; eta duela urte batzuk kamera bidez hainbat gune publiko zaintzeko egitasmoaren jarraipena da.
Era berean, lanok bat egiten dute beste hainbat ekimenekin; hala nola, segurtasunaren inguruko azterketak, polizia ereduaren eguneratzea, beste polizia gorputzekin sinaturiko akordioak edo igogailu publikoetan zein beste tokietan instalaturiko zaintza dispositiboekin.

No comments yet.

Utzi erantzuna