Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak 2019ko otsailaren 5ean herritarren segurtasunaren inguruan aho batez hartutako akordioa

Errenteriako biztanleen artean azkenaldian kezka areagotzen ari diren segurtasunaren arazoaren eta gaien inguruan, Bozeramaileen Batzordean ordezkaritza duten talde politikoen bozeramaileek (EH Bildu, PSE-EE, Errenteria Irabaziz, EAJ-PNV) hau erabaki dute aho batez:

1.- Onartzen dugu gizarte gisa datozen urteetan parean izango ditugun erronkak oso exigenteak izango direla eta segurtasuna gakoa dela desafio eta aukera horiei arrakastaz aurre egiteko. Ildo horretan, aitortzen dugu egoki dela gai horretan ekimen bat martxan jartzea eta Errenteriako herritarrentzat positiboa izango dela.

Argi dugu dugu gizarte inklusiboa, solidarioa, kohesionatua, gizon eta emakumeei aukera berdinak eskaintzen dizkiena eta kide ororen errespetuan oinarritutako bizikidetza duena funtsezkoa dela pertsona horien segurtasuna bermatzeko eta, ondorioz, baita norberaren garapen osorako ere.

Horrela, bada, onartzen dugu horiek direla segurtasun publikoko politika eraginkorragoak eraikitzeko elkarlanean aritzeko oinarriak.

2.- Garrantzitsua da segurtasunaren gobernantzarako sistema berria izatea. Gobernantza-eredu horren oinarri izan behar du herritarren parte-hartze zabala ahalbidetzea auzoetan eta herrian, oro har, eta horrek suposatzen du erkidego-polizia hurbilaren ereduaren aldeko apustua egitea.

3.- Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kriminalitatearen inguruan jasotako datu objektiboak baztertu gabe, segurtasunaren inguruko pertzepzioa geroz eta garrantzitsuagoa da. Gure ardura da, politika publikoak gauzatzen ditugunez, herritarren segurtasunaren inguruko eskaerei erantzutea, edozer dela-eta segurtasun falta sumatzen badute.

4.- Segurtasuna ikuspegi integraletik landuko bada, are gehiago sakondu behar da Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseiluaren lanean. Halaber, funtsezkoa deritzogu Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta gai honetan eskumenak dituzten gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.
Ildo berean, erabaki dugu lan-talde bat sortzea talde politikoetako, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariekin. Lan-talde horren helburua izango da elkarlanean aritzea herritarren segurtasuna hobetzeko, betiere lan horretarako aztertuta polizia biek bildutako datuak eta herritarren pertzepzioaren ingurukoak, eta poliziek, udal-gobernuak edo oposizioko taldeek herritarren segurtasuna hobetzeko egindako proposamenak.

Halaber, lan-talde horrek aztertuko ditu Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseiluaren proposamen eta ekarpenak, eta segurtasunerako egoki diren erabakiak hartuko ditu.

5.- Segurtasunaren gobernantzarako sistema berriaren baitan, Udaleko talde politikook erabaki dugu parte-hartzeko prozesu bat abian jartzea, herritarrek parte har dezaten segurtasunaren inguruko erabakietan.

Halaber, beharrezkoa da ordenantza bat adostea gure herrian bizikidetza laguntzeko eta guztion errespetua bermatzeko. Ordenantza hori idazteko prozesuan txertatuko dira auzo-elkarteak, merkatariak, arlo guztietako entitateak, etab.

6.- Udaleko talde politikoon iritziz herritarren segurtasunean burutu beharreko lanak bi printzipio izan behar ditu oinarri: gardentasuna, herritarrei egindako pausoen berri emateko eta segurtasunaren inguruko erabakietan parte har dezaten; eta konfidentzialtasuna, segurtasunaren inguruko kontuak, arrakasta izango badute, konfidentzialtasunez jorratu behar direlako. Talde politikook, dagokigun erantzukizuna gure gain hartuta, gure egiten ditugu printzipio horiek eta horien baitan jarduten gara. Guztiok gara arazo honen konponbidearen parte.