Erraztasun ekonomiko handiagoak eskainiko dizkie Errenteria Musikalek ikasleei datorren ikasturtean

Errenteria Musikalek 2019/20 ikasturterako tasak eta hobariak onartu ditu. Horiek ikasleentzat bereziki onuragarriak izango dira, besteak beste, tasen oinarria izozteaz gain, musikan ikasgai bat baino gehiago aukeratuz gero, bigarren ikasgaitik aurrera, deskontuak aplikatuko direlako. Orokorrean deskontuak %20aren bueltan ibiliko badira ere, zenbait kasutan %45era iritsiko dira, esaterako, musikaz gain, dantzan ere matrikulatzen diren ikasleen matrikulan.

Bestetik, eskolak hobarien eskaintza zabaldu egingo du. Urtero hobesten diren instrumentuen zerrendan aukera gehiago egongo da, eta matrikula doan izango dute kontrabaxua, tuba, tronpa, tronboia, eskusoinua, klarinetea, bonbardinoa, biola eta oboea aukeratzen duten ikasle adingabeek. Horretaz gain, aurreko urteetan bezala, bizikidetza-unitatearen urteko sarrera gordinak aztertu eta matrikulan %15 eta %65 arteko deskontua izateko eskubidea eskaintzen jarraituko dute. Bestalde, 2019/20 ikasturtean erabiliko diren tramoak nabarmen igo dira, musika eta dantza zaletasuna duten familiek eragozpen ekonomikorik ez dezaten izan.

Horrekin guztiarekin, datorren ikasturteari begira, Patronatuak matrikulazioa ugaritzea espero du, herritar gehiagorengana iritsiz, eta Errenterian musika eta dantza zabaltzeko xedeari eutsiz.