Zirkua ardatz hartuta, egitarau zabala izango dute inauteriek

Badatoz inauteriak eta azken urteetako bideari jarraiki, inauteri koloretsuak antolatzeko lanean aritu dira Inauteri Batzordeko kideak eta ‘indar berezia’ jarri dute, herritar guztien gozamenerako, adin guztietarako egitaraua antolatzeko.

Herria zertaz mozorrotu nahiko luketen galdetuko zieten herritarrei duela 4 hilabete, eta geroztik, egitarauan jaso diren ekintzak lantzen aritu dira: ‘Kaldereroekin ekingo diogu festa giroari asteburu honetan eta Iñude eta artzainen desfilearekin amaituko dugu, martxoaren 10ean. Tartean izango ditugu zirkuan oinarrituko diren inauteri egunak’, esan zuten. Horietan, gogoan hartzeko hitzordu batzuk aipatu nahi izan zituzten atzo, hilak 21, prentsa aurrean:

Inauterien hasiera

Otsailaren 28an, 20:00etan, festari hasiera emateko ekitaldi berezia izango da Herriko plazan. Azerikoren lagunak (Asteme, Oilarqueen eta Katuko) udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsua izango da jarraian.

Zirku pista herrikoia

Herri-bazkariaren ostean, koadrilei euren artea erakusteko tokia eskaini nahi izan diete aurten. Horretarako, agertoki bat izango da Herriko plazan, 18:30etik aurrera. Inauteri Batzordeko kideek herritarrak animatu dituzte, bertan abestu, dantzatu edo ikuskizun txiki bat egitera. Musika ekipoa erabiltzeko aukera ere izango da.

Baina ez hori bakarrik, azken urtetan bezala, oroigarri moduan gordetzeko argazki bat egiteko aukera izango dute herritarrek, 18:30etik aurrera, udaletxeko arkupetan jarriko dugun photocallean.

Tabernen arteko mozorro lehiaketa

Hamaika taberna lehiatuko dira mozorro onenaren saria eskuratzeko. Hauek dira taberna parte-hartzaileak: Landare, Kerala, Aker Pub, Sindikato, Xera Gastroteka, Gamon 14, Arkaitza, Cine Reyna, Etxeondo, Irrintzi eta Kb taberna.

Aditu talde batek aukeratuko du taberna irabazlea, ondorengo irizpideen arabera: gaiaren lanketa, originaltasuna, elementu ezberdinen diseinua eta tabernaren girotze lana.

Sari moduan, irabazleari, 2020 urteko inauterietan, bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko 500 € eskainiko zaizkio.

Konpartsen aurkezpena

Galtzarabordako kiroldegian izango da aurkezpena, martxoaren 1ean, 19:30ean. Bertan honako konpartsa hauek hartuko dute parte:

  1.  Euforia
  2.  Odissey
  3.  Eureka
  4.  Boveda
  5.  Danza-rin
  6.  Showtime
  7.  Furius
  8.  Titanes
  9.  Activadance
  10.  Txasiss

1.200 sarrera izango dira salgai Niessen Kulturgunean hilaren 27an, asteazkenean. Horietatik, 900 sarrera goizez salduko dira; 9:00etatik 13:00ak arte, Kulturguneko leihatilan. Gainontzeko 300 sarrerak, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, Kulturguneko harreran. Sarreren prezioa euro 1ekoa da eta pertsona bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izango ditu gehienez.

Egitarau osoa

Bukatzeko, gogorarazi zuten, egitarau osoa eskuragarri izango dela udal eraikin publikoetan eta turismo bulegoan. Formatu digitalean, aurkituko dute, hala nahi dutenek, Herri Biziaren app-an eta baita webgunean ere, herribizia.errenteria.eus. Gainera, bertan, inauterietako argazkien bilduma argitaratuko da egunero.