Errenteriako Udalak herriko pinudien kudeaketari eta ingurumena eta osasun publikoa babesteari buruzko mozioa onartu du

Joan den urtarrilean Naturkon Elkarteak, Gipuzkoako Plataforma ekologistak, herriko pinudiei eta ingurumena eta osasun publikoa babesteari buruzko mozioa aurkeztu zuen bere bozketarako, intsignis pinua erasotu duen banda marroiaren izeneko gaixotasunaren kudeaketaren inguruan.

Intsignis pinuaren eta beste espezie exotikoen egur-monolaborantzak baso-ekosistemen bioaniztasun-galera eragin dutela baieztatzen dute idatzian. Gainera, gaur egungo egur-politikaren ondorioz gure lurraldeko baso naturalen %75 ia desagertu egin da (pagadiak, hariztiak ameztiak, etabar.)

Halaber, azaltzen dute aipaturiko monolaborantzen ustiapenak espezie horien berezko izurriteak ugaritu dituela: prozesionaria, fusariuma, xingola gorria eta xingola marroia.

Horregatik, Administrazio eskumendunak joan den urtean izurrite horren aurka borrokatzeko helburuarekin ondokoa aurkeztu zuen: “Koniferoen basoak berreskuratzeko euskal Estrategia” izenekoa, hain zuzen. Dokumentuan, besteak beste, xingola marroiaren aurka kupre oxidoaren bitartez aire-bidezko fumigazioa egitea aurreikusi da.

Ildo horretatik, Naturkon Elkarteak gogora ekarri du Europako araudiak debekatzen duela, oro har, aire bidezko fumigazioa, hain zehaztasun gutxiko teknika honek eragin ditzakeen ingurumen eta osasun arriskuagatik.

Bestalde, oxido kuprosoa fungizida orokorra denez, patogenoak zein ez-patogenoak diren espezieei eragiteaz gain, onddo komunitateak, flora eta fauna, lurzorua, ura, jateko labore eta herritarren osasuna kaltetzen ditu.

Horregatik guztiagatik, Udalbatzarrak aipaturiko akordioa onartu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiari (baita Euskal Herriko gainerako erakunde publikoei) eskatzen dio udalerriko baso eremuetan inongo aire bidezko fumigaziorik ez egitea.

Halaber, landutako mozioa aztertu ondoren, Udalak ez du baimentzen bere jabetzako mendietan oxido kuproso bidezko tratamendurik egitea eta udalerriko lurjabeei gonbita luzatzen die gauza bera egiteko.

Azkenik, Errenteriako Udalak jakinarazi du erregistro bat sortuko duela beren lursailak fumigatzea nahi ez duten herritarrek bere izena eman eta Udalaren babesa jasotzeko.