Akordiora iritsita amaiera eman zaie TAO eta garabi zerbitzua publifikatzearen ondoriozko prozesu judizialei

Udalak TAO eta garabi zerbitzuak publifikatzeak eragin zituen langileen eta Udalaren arteko hainbat demanda, akordiora iritsi arte auzibidean zeudenak. Aldeak akordio batera iritsi direnez, aipatutako prozedura judizialak ebatzi egin dira. Hain zuzen ere, akordio horiekin adostu da kaleratzeak bidezkoak direla eta kalte-ordainak hobetuko zaizkiela langileei legeak baimendutako mugen baitan.

Publifikazioa egin genuenean hartutako konpromisoari jarraiki, iruditzen zitzaigun arreta jarri behar geniela eta minimizatu behar genituela publifikazio-prozesu honek langileei eragin zekizkiekeen ondorioak. Gobernu-taldeak bere garaian adierazi zuen moduan, Udalak duela 25 urte hartutako erabaki batek pribatizatu zuen zerbitzu hori, eta, ondorioz, aipatutako ondorioak ahalik eta gehien minimizatzeko betebehar morala sentitzen zuen; horregatik azaldu gara beti negoziatzeko eta akordioetara iristeko prest.

Eta akordio hau orduan hartutako konpromisoaren zati bat da, eta beste zatiak etorkizunarekin du zerikusia. Enplegu-plan bat onartu genuen Oarsoaldearen baitan, beharrezkoa denean prestakuntza eskaintzeko eta langile horiek kontratatzen dituzten enpresei laguntzak emateko hiru urtetan. Gaur egun, ia TAOko eta garabiko langile guztiak atxiki zaizkio enplegu-plan horri, eta bakoitza dagokion fasean dago. Zenbait pertsona kontratatu dituzte eta beste batzuk prestakuntza egiten eta lana bilatzen ari dira.

Bestalde, publifikazioak aukera eman du zerbitzu eraginkor eta efizienteagoa eskaintzeko. Udaltzaingoaren bidez trafikoa antolatzearen hobekuntzaz haratago –gainera, aukera ematen digu lapurtutako ibilgailuen etengabeko kontrola egiteko eta orain orduro 2.500 matrikula irakurtzeko gaitasuna dugu–, egoiliarrei zerbitzuaren tasaren % 20 murriztu ahal izan diegu eta lehen 15 minutuak doan dira gainerako erabiltzaileentzat.

Halaber, publifikazioarekin batera enplegu-eskaintza publikoa egin da eta 11 udaltzain plaza atera dira. Dagoeneko prestakuntza-fasean daude eta baliabide horiekin erantzun ahal izango diogu auzo-batzarretan auzozainaren irudia sendotzeko, erreakzioko poliziatik prebentziorakorako eredu-aldaketaren baitan.

Publifikazio honen helburua beti izan da zerbitzua hobetzea. Alabaina, zenbaitek esaten dutenez kalte-ordain horiek Udalaren diru-kutxa kaltetu dutela, esan behar dugu guztiz aurkakoa izan dela. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugun moduan, hobekuntzak nabaritu dira zerbitzuaren eraginkortasunean, TAO eta garabiaren zerbitzua publifikatu ondoren, 2018. urtearen amaierarako Udalak 941,000 euroko balantze positiboa baitzuen jada; horri gehitu behar zaio 2019ko urtarriletik aurrera zerbitzua emateko modu berriak Udalari eragingo diola urtean 578.000 euroko aurrezkia, eta horrek aukera emango digula eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko. Adibide gisa, esan behar dugu udaltzainek ibilgailu bat erretiratzea ez dela lehen baino behin edo bi aldiz merkeagoa, enpresarekin zuen kostua baino 23 aldiz merkeagoa dela baizik, peritu-txostenaren arabera.

Amaitzeko, esan behar dugu prozesu judizialen baitan TAO eta garabiko langileekin lortutako akordioekin amaitutzat ematen dela zerbitzu hauek publifikatzeko prozesua, nahiz eta oraindik ere jarraituko dugun Oarsoaldearen baitan martxan jarritako enplegu-planarekin.