Emakumea ardatz hartuta, kontzertua emango du Errenteriako Bandak martxoaren 9an

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE), eta Berdintasun Kontseiluak bat egingo dute Nazioarteko Emakume Langilearen Egunaren ekitaldian, musika esparrutik harago, gizarte osora zabalduko den eta emakumeak kontzertuko ardatz nagusi izango dituen kontzertuan, Aretha Franklin leitmotiv.

“Datorren martxoaren 9an, larunbata, 12:30ean Niessen Kulturgunean emango dugun kontzertua, gurea bezalako elkarte batek bete behar duen ‘funtzio sozialean’ kokatzen da”, aditzera eman dute Musika Kultur Elkarteko iturriek. “Batzuetan, kultur arloan gabiltzan elkarteak, proiektu berri, sormen eta proposamen eszenikoen antolaketan murgiltzen gara, eta agian ez gara behar adina jabetzen aipatu funtzio sozial horrek duen garrantziaz”, esan dute.

“EMKEn, oso argi dugu kultura zabalkundea eta funtzio soziala eskutik joan behar dutela, kultura eta arlo sozialaren arteko lankidetza eta kolaborazio esparruak zabalduz. Eta aipatu lankidetza horrek garamatza Emakume Langilearen Nazioarteko Eguneko ekitaldiekin bat egitera, modu zuzen eta aktiboan”, azpimarratu dute.

Kontzertuak emakume musikoak izango ditu ardatz, zuzendaritza artistikotik hasita. Alazne Alberdi Susperregi, egun Hondarribiko zuzendaria, izango da zuzendaritzan, eta berarekin batera luxuzko bakarlariak: Ane Espina Errasti biolina, Ane Aristizabal Gaztelumendi 10 urteko bonbardinoa, Musikenetik etorritako Natalia Llamazares bonbardinoa ere eta azkenik, Elisa Di Prieto abeslari sevillarra.

Kontzertu egitarauari dagokionez, emanaldiari Rafael Pascual Vilaplana zuzendari eta konpositore ospetsuaren ‘Yakka’ lanak emango dio hasiera. Jarraian, hainbat emakumek une historiko desberdinetan bizitako egoera ardatz, biziiraupena kasu batzuetan eta eskubide sozialen aldeko aldarrikapena besteetan, emakumeen musika testigantza ekarriko du. Anna Franck edota ‘Lo Imposible’ eta Aretha Franklinen ‘Respect’ kantuaren bertsioaren eskutik, kontzertu bikainaz gozatu ahal izango da, ‘I Will Survive’ Gloria Geynorren kantuarekin amaituz.

Edukiera kontuak direla eta, gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da. Gonbidapenak Niessen Kulturguneko harreran jaso ahal izango dituzte interesdunek, datorren astelehenetik (hilak 4) aurrera.