Errenterian jokatuko dituzte, igandean, ‘Emakume Master Cup’ txapelketaren final erdiak

Datorren igandean, hilak 10ean, ‘Emakume Master Cup’ txapelketaren final erdiak jokatuko dituzte Agustina Otaola, Raketista Profesionala, Fanderiako Frontoian. Hitzordua 12:00etan izango da, eta sarrera doakoa, tokiak bete arte.

‘Emakume Master Cup’ emakumezkoen euskal pilota txapelketa garrantzitsuena da nazioarte mailan.

Sailkapen fasea urtarrilan, otsailan eta martxoan izan da, eta asteburu honetan azken fasean sartuko da.

Final erdietako lehenengo partida 12:00etan jokotuko dute Leire Garaik (Gasteiz) eta Leire Etxanizek (Etxebarria) Maite eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka (Eulateko izeba eta iloba, hurrenez hurren).

Jarraian, Iera Agirrek (Leitza) eta Olatz Arrizabalagak (Gernika) osatzen duten bikoteak Patri Espinarren (Usansolo) eta Miriam Arrillagaren (Zubieta) aurka lehiatu beharko dute finalerako pasea.

Igande honetan irabazten duten bikoteek finala Zumarragan jokatuko dute martxoaren 17an.

Emakumezkoen kirola sustatzea

Aurkezpenean Garazi Lopez de Etxezarretak, berdintasun zinegotziak, jendea igandean Fanderiako pilotalekura joatera animatu du. Gainera, nabarmendu du Berdintasunaren Kontseilua emakumezkoen kirola sustatzeko egiten ari den esfortzua.

Horretaz gain, esan du espero duela igandekoa arrakastatsua izatea eta emakumeak fontoian profesionalki aritzera bultzatzen laguntzea.

Txapelketaren antolatzailea den Iker Amarikak deialdia luzatu die klubei, neskak haien harrobietan har ditzaten.

Azkenik, Jon Txaskok, kiroletako zinegotziak, final erdi hauen garrantzia azpimarratu du eta gogorarazi du Udalak urteak daramatzala emakumezkoen kirola sustatzen, hain zuzen ere emakumeak kirolean duen parte-hartzea ikusgarri egin eta sustatzen laguntzea baita 2017an onartu zen Jarduera fisikoaren eta kirolaren plan integralaren ildoetako bat.