‘Errenteria 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan’ izeneko liburua eskuragarri izango da asteazkenetik aurrera

Errenteria 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan izeneko ikerketa biltzen duen liburua medioen aurrean joan den astean aurkeztu eta gero, errenteriarrek eskuratu ahal izango dute asteazkenean hasita.
Epe horretako biktimen berri jasotzen duten hiru liburukiak martxoaren 20tik aurrera, hau da, datorren asteazkenean hasita eskuratu ahal izango dira, doan, Errenteriako Udaleko Zu! arreta zerbitzuan eta Udal Liburutegietan, Madalena Kalekoan zein Beraungoan.
Udalbatzarraren erabakiz, Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari ikerketa egitea eskatu zion Gerra Zibileko eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko tresna gisa. Ikerlaria Amaia Rodriguez Oñatibia izan da, Arazadi Zientzia elkarteko historialaria, eta guztira 750 bat orritan jaso ditu ikerketaren emaitzak. Hiru liburukitan banatu dute informazio guztia eta liburuki bakoitzeko 1500 ale argitaratu ditu Udalak. Ale hauek dohainik eskuratu ahal izango dituzte interesdunek.

Hauek dira hiru liburukien indizeak:

I LIBURUKIA (208 orri)
AURKEZPENA
1. ERRENTERIA ERREPUBLIKA GARAIAN
2. GERRA HASI ZENETIK ERRENTERIA FRANKISTEK HARTU ZUTEN ARTE
3. EMAKUMEEN AURKAKO ERREPRESIO FRANKISTA
4. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

II. LIBURUKIA (300 orri)
1. ERRENTERIARREN AURKAKO ERREPRESIOA LEHEN FRANKISMOAN
2. LEKUKOTZAK
3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

III. LIBURUKIA (240 orri)
1. IZENAK
2. GIZA ESKUBIDEEN URRAKETA ETA BESTE SUFRIMENDUEN LABURPENA, ZENBAKITAN
3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

Ikerketa lanean testigantzak jaso dira eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu. Datu batzuk jarraian emango ditugu:

1891 izen eta hauek guztien bibliografia labur bat jasotzea lortu da. Honek hala ere, ez du esan nahi etorkizunean gehiago jasoko ez direnik. Ikerketa honek bizirik segiko du.

Lehenengo liburukian emakumeen aurkako errepresioari eskaini zaio kapitulu bat.

Datu orokorrei dagokienez, 9.000 bat biztanleko herria zen Errenteria. Hauetatik, 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara. Gudulari horietatik 99 gerran hil ziren. Bando frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik, 51 gerran hil ziren. 274 pertsona epaitu zituzten gerra-kontseilu frankistetan; 20 heriotza-zigor ezarri zituzten eta 8 gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren. Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.

Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien, Guztira 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta beren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuten eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan Langile Batailoietan.

Aurkezpena Niessen kultur gunean
Era berean, aipatutako hiru liburukiak gaur aurkeztu dituzte Niessen aretoan, biktimekin, gaiarekin zein argitalpenarekin zerikusia duten 250 pertsona baino gehiagoren aurrean.