Kukai Dantzak omenaldi beroa jaso zuen atzo etxean

Kukai Dantzak bere ibilbidean bidelagun izandako hainbat eta hainbat artistek, dantza kopainia errenteriarrari eskainitako omenaldi hunkigarrian parte hartu zuen atzo, hilak 20, Xabier Olaskoaga plazan. Herritar asko ere gerturatu zen ekitaldiaz gozatzera.

Hasteko, ‘Jazzbanak agur’ melodiarekin batera, Dantzaz konpainiako kideek saio berezia eskaini zuten publiko artetik. Ondoren, Iñaki Telleria perkusionistak eta Iñaki Salvador pianistak pieza bat jo zuten eszenatoki gainean.

Jarraian, Kukaiko kideak txalo artean sartu ziren plazan, Andoitz Antzizar eta Errenteria Musikaleko trikitilarien atzetik.

Oreka TX taldeak Agurraren bertsio berezia jo zuen txalapartarekin. Thierry Biscaryk ahotsa jarri zion piezari eta Mairi Maya Castañok (Jon Maya eta Vanesa Castañoren alabak) dantza egin zuen.

Errenteriako Musika Bandak, Txistulari Taldeko zenbait kidek, Landarbaso abesbatzak eta Andra Mari abesbatzako kide batzuk ere Agurra interpretatu zuten eta, publiko artetik, Ereintza Dantza Taldekoek dantza egin zuten.

Mireia Gabilondoren txanda iritsi zen orduan. Berak, Iñaki Salvadorren piano doinuekin batera, Kukai Dantzaren ibilbidea laburbiltzen zuen testua irakurri zuen.

David Azurzak eta Leire Otamendik ere hartu zuten parte ekitaldian. Lehendabizikoak abestu zuen bitartean bigarrenak dantza egin zuen.

Amaitzeko, Julen Mendoza alkateak errekonozimendu eta eskertza mezua helarazi zein kukaitarrei eta herritarrek idatzitako ‘Mila esker, Kukai’ lelopeko txartelen entrega egin zien.

Jon Maya Kukaiko zuzendariak eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei eta dantza labur bat eskaini zuen bakarka. Fandango doinuak dantzatuz eman zioten amaiera ekitaldiari konpainiko dantzariek, oholtza gainean.