Errenteriako airearen kalitatea hobetu da, EHUren ikerketa baten arabera

Airea guztiok kutsatzen dugun baliabide naturala da, eta jendearen osasunean kalitate txarreko airea arnasteak baino inpaktu handiagoa duten arrisku gutxi daude. Gizarteak bere atmosfera-ingurunearen eta Ingurumenaren baldintzen berri izan behar du, eta gai horretan eskumena duten administrazioak dira eskaera horri erantzun behar diotenak.

Udalaren Ingurumeneko Sailak kontratatu zuen eta 2018. urtean zehar Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Taldeak (EHU) Errenteriako udalerriko hiri-atmosferari buruz egin duen proiektuak urtebeteko iraupena izan du. Datuak lortu dira Gaztelutxoko biribilgunean aldi horretan instalatu zen airearen kalitatearen estazio mugikor batetik, baita Pasaiako portuaren jarduerari lotuta Lezon dagoen estaziotik ere.

Bertako biztanleek arnasten duten airearen kalitatearen parametro adierazleen ezarpenean oinarritu da (partikula esekiak eta horien tamainaren araberako banaketa, partikuletako metal-edukia eta konposatu organiko hegazkorrak). Azterlana, 1996-1997 eta 2004-2005 urteetan egindako aurreko proiektuei batzen zaie eta haien osagarri da, hiri-ingurunearen egoera eta denboran zehar izan duen bilakaera aztertuz.

Ibilgailuen trafikoaren emisioek kutsatzaileak aireratzeko iturri nagusia izaten jarraitzen dute. Hala eta guztiz ere, erregulazio zorrotzagoen etengabeko inplementazioak, eta ibilgailuen fabrikazioan teknologia berrien garapenak, ihes-hodiek emititutako kutsatzaileak murriztea ekarri dute. Horregatik, une honetan, ibilgailuen elementuen (pneumatikoak eta balaztak) higadura eta urraduratik eta errepideko hautsa harrotzetik datozen emisioek egiten duten aireratutako partikulen ekarpena, trafikoan errekuntzak eragindakoaren parekoa da. Aurreikuspenen arabera kontribuzio hori handitu egingo da, hain zuzen ere aipatu diren zuzenketa-neurrien ondorioz. Trafikoarekin batera, baina neurri txikiagoan, etxeko jardueren emisioak (berogailuak) eta industria-sektoretik datozen ekarpenak erregistratzen dira.

Airea Errenterian gaur egun aurreko azterlanak egin ziren garaian baino garbiago dago. Aztertutako kutsatzaileen mailak, kutsadura atmosferikoari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoaren barnean daude. Adierazi behar da aireratutako partikulek (PM10), kontrolatu beharreko parametro nagusietako bat izaki, Osasunaren Mundu Erakundeak giza osasunerako gomendatzen duen baliotik oso hurbil dauden mailak dituztela.

Biztanleen bizi-kalitate hobea lortzeko airearen kalitatea hobetu beharra dago. Emisio baxuko zonak eta oinezkoentzako guneak sortzea, garraio publikoaren erabilera areagotzea, oinez joatea eta bizikleta garraiobide gisa erabil dadin sustatzea, trafikoaren kudeaketa, abiadura-mugetan egindako aldaketak, eta garraio publikoan emisioak murrizten dituzten inbertsio teknologikoak dira, besteak beste, hobekuntza hori erraztuko luketen ekintzetako batzuk.