Abian da zerbitzu bulegoetan euskararen erabilera sustatzeko ‘Paper-kontuak euskaraz nahiago’ kanpaina

Euskara | Merkataritza | Oarsoaldea 2019-03-27 | 0

Urteak dira, hogeita bi zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla, euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izan dezan.

Aurten ere lanketa berezia egingo da sektore jakin batekin. Hortaz, aurten Oarsoaldeko zerbitzu bulegoei -aholkularitzak, inmobiliariak, aseguruak, finka administratzaileak- zuzenduko dieten kanpaina aurkeztu dute.

‘Paper-kontuak euskaraz nahiago’ ekimena

Otsailaren 28ra bitartean zerbitzu bulegoekin hitz egin dute banan bana, asmoak azaltzeko eta ‘Paper-kontuak, euskaraz nahiago’ izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko.

Doako eskaintza bereziak:

1. Web gunea euskaraz itzultzeko aukera eta .EUS domeinua urtebetez doan

Hasteko, urteko ekintzetan parte hartzen duten establezimendu guztiei webgunea itzultzeko aukera emango zaie eta denei .eus domeinua urtebetez ordaintzeko eskaintza egingo zaie.

2.- Dokumentu ereduak euskaraz bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko

Bestetik, establezimendu mota bakoitzaren (aholkularitzak, inmobiliariak, aseguruak, finka administratzaileak) dokumentu ohikoenen ereduak banatuko dizkiegu martxoaren 27tik apirilaren 5era bitartean.

3.- Errenta aitorpena euskaraz egiteagatik sariak

Martxoaren amaieratik ekain amaiera bitartean herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten sustapen kanpaina egingo da lau herrietan. Uztail hasieran sariak zozkatuko dira errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren artean. Herri bakoitzean bi lagunentzako otordu goxo bat izango da saria.

4.- Errotulu berriak finka administratzaileentzat

Ekainean, ezkaratzetan jartzeko PVCko ohiko errotuluen banaketa egingo dugu finka administratzaileen artean.

5.- Sariak zure bezeroentzat

Azkenik, azaroaren 11tik 30era, urtean zehar zerbitzuren bat euskaraz baliatu duten bezeroen artean 20€ko deskontuak zozkatuko ditugu. Parte hartu duen establezimendu bakoitzeko 5 sari.

Dagoeneko 35 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Ez galdu aukera!

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Udalerrietako euskara zerbitzuak:

◦ Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)

◦ Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)

◦ Oiartzungo Euskara Zerbitzua 943 493 842 (Fermiñene etxea. Aialde, 2)

◦ Pasaiako Euskara Zerbitzua 943 004 330 (Euskadi etorbidea 61 Trintxerpe)

No comments yet.

Utzi erantzuna