Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek erabaki dute Errenteriako Urbanoaren tarifak % 2,85 igotzea apirilaren 1etik aurrera

Errenteriako Udala Gipuzkoako Lurralde Agintaritzak tasak igotzeko hartutako erabakiarekin ados ez azaldu izana ez da nahikoa izan igoera horiek eragozteko, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak % 90eko ordezkaritza osatzen baitute organo horretan. Hartara, ustez tasak izoztekoak baziren ere, oro har 5 zentimo igo dira hiri eta eskualde barruko ibilbideen prezioak.

Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak organo horretan dituzten ordezkariek nahiago izan dute tarifen igoera adostu, tarifak izoztea eta transbordoak eta 51. bidaiatik aurrerako ibilaldiak doan izatea baino, nahiz eta hori izan Udalaren ordezkarien proposamena.

Tarifa guztiak igo arren, hobekuntza batzuk ere egin dira. % 46ko deskontua egin beharrean % 47koa egingo da lehen 20 bidaietan. Halaber, gazteentzat deskontu berriak aplikatuko dira, % 90 beharrean % 100eko deskontua aplikatuko zaie 51. bidaiatik aurrera, eta dirua kargatzean, hobaria % 14koa beharrean % 25ekoa izango da. Alabaina, herritar ororentzako hobekuntza izan behar zuena bertan behera geratu da, deskontuak handitu arren erabiltzaileek gehiago ordaindu beharko baitute tarifen igoeraren ondorioz; hain zuzen ere horren aurkakoa proposatzen zuten Garraio Agintaritzako kide batzuk, 25 euroko tarifa finkoa planteatuta.

Bestalde, aurreko legegintzaldiko apustua izanik ezartzea Mugi txartela eta egungo deskontu-sistema, legegintzaldi honetako joera izan behar zuen garraio publikoa geroz eta irisgarriagoa egitea, hori baita garraio pribatuaren aurreko benetako alternatiba bihurtzeko bidea.

Ez dute kontuan hartu Errenteriako Udalaren proposamena

Errenteriako Udalaren ustea zen tarifak izoztuko zituztela, horixe proposatu baitzuten aipatutako organoan ordezkaritza duten alderdiek, nahiz eta azkenean guztiz bestelako erabakia hartu duten, eta Udalak horri aurreko legegintzalditik zetozen beste hainbat proposamen gehitu zizkion, bi egoera hobetzeko.
Lehena, konpentsatzea beren desplazamendu-ardatzetan zerbitzu zuzenik ez dutelako transbordoak egin behar dituzten erabiltzaileak. Kudeaketaren ikuspegitik zaila denez ibilbide guztietan zerbitzu zuzenak izatea, proposatzen genuen transbordo guztiak doan izatea. Gogoratu behar da orain ibilbide merkeenaren % 25 kobratzen zaiela Mugi txartelaren titular izan eta trasbordoak egiten dituzten erabiltzaileei.

Bigarrena, gehien bat ikasketen edo lanaren ondorioz hilean 50 bidaia baino gehiago egiten dituztenena. Nahiz eta Mugi txartelaren printzipioetariko bat izan zenbat eta bidaia gehiago egin gutxiago ordaintzen dela, orain 51. bidaiatik aurrera % 90eko deskontua aplikatzen da, eta guk proposatzen genuen % 100eko hobaria izatea.

Errealitatea da neurri hauek Garraioen Lurralde Agintaritzaren kostuetan, zehazki, eta garraioarenean, oro har, eragin ekonomiko oso txikia duten arren, hartutako erabakiarekin Mugi tarifen prezioak gutxitu ez eta gainera garraio publikoa zigortu dela.