Erakusketa batek 200 haur eta nerabe baino gehiagok ozeanoak mantentzeko egindako lana ikusgai jarriko du

Donostia, Errenteria, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietako hainbat Ludoteka eta Gaztelekutako 6-17 urte bitarteko haur eta nerabeak “Tantaz Tanta Ozeanoa” proiektuan lanean aritu dira ikasturte honetan zehar. Hezi Zerb Elkarteak kudeatzen duen eta EDUKO GKEaren dirulaguntza jasotzen duen proiektua da, eta ozeanoak mantentzea duena helburu.

Plastikoak itsasoetan duen eraginaren inguruan hausnarketa egin ondoren, adin txikiko hauek jendartearen sentsibilizazioan lanean aritu dira ekintza ezberdinen bitartez: inguruetako zakarra biltzen, proeiktua azaltzeko panelak sortuz eta erakutsiz, ozeanoen kutsadura pairatzeko egin dezakegunaren inguruko bideo labur ezberdinak sortuz…

Ekimenari amaiera emango zaio apirilaren lehengo astean herri ezberdinetan egingo diren zenbait ekintzarekin, Hezkuntzaren Aldeko Munduko Astea (HAMA) dela eta.

Zehazki, Errenterian proiektuan egindako panelen erakusketa gauzatuko dute. Niessen Merkatal gunean egongo da ikusgai, apirilaren 1etik 4ra. Gainera, arratsaldero, 18:00ak aldera, haur eta gazte ezberdinak izango dira Merkatal gunean, gerturatzen direnei landutakoaren aurkezpena egiteko.