Alaberga auzoaren 60. urteurrena ospatzen hasiko dira larunbatean

Aurten 60 urte beteko dira Alaberga auzoaren inaugurazio ofizialaz. Horregatik, eta urteurrenak merezi bezala ospatzeko, hainbat ekimen antolatuko ditu Alabergako Jai Batzordeak urtean zehar.

Lehena, larunbat honetan izango da, apirilaren 6an: arratsalde hori ekintzaz beteta egongo da.

Hasteko, 18:00etan, mural kolektiboa egingo dute, haurtzaindegiaren parean. Haur zein helduentzako ekintza izango da.

20:30ean, berriz, auzoko argazki zaharren proiekzioa egongo da, auzoko plazan. Eta jarraian leku berean, 21:00etan hasita, pintxo potea eta emanaldi musikala Yin Yang taldearekin.

Gainera, egunean zehar urteurrenaren inguruko kamisetak eta jaietarako banderolak erosteko aukera egongo da.